Skip to main content
Noticia Elhuyar

Xuxen berritua erabiltzeko prest

2018 | Maiatzak 22

 

 

Word 2016rekin bateragarria

Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken aldaketekin eguneratua

Hainbat euskarrita...

 

 

Word 2016rekin bateragarria

Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken aldaketekin eguneratua

Hainbat euskarritarako bertsioak

 

Xuxen 5 euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala erabilgarri jarri genuenetik, Microsoft Office pakete berriak merkaturatu ditu Microsoftek, eta berrikuntzak izan dituzte Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta Elhuyarren hiztegiek. Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen 5.1 kaleratu dugu.

Xuxen 5.1 doakoa da, eta xuxen.eus webgunetik eskuratu daiteke. Hizkuntza-irizpiderik berrienak txertatuta eta Worden bertsio berrienetarako prest dago Xuxen 5.1.

Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyarren hiztegietako azken aldaketak kontuan hartzen ditu zuzentzaile berriak zuzenketak eta proposamenak egiteko, eta ordenagailuko programarik berrienekin ere erabil daiteke.

Word 2016rako prestatu dugun bertsioak, aurrekoak bezalaxe, gorriz azpimarratzen ditu akats ortografikoak, eta berdez/urdinez akats gramatikalak eta Euskaltzaindiaren hobespenekin bat ez datozen hitzak.

 

 

Wordekoa da Xuxenen bertsiorik ezagunena, baina beste hainbat programarekin erabil dezakegu Xuxen berritua, bertsio guztiak eguneratu baititugu, eta doan deskargatzeko prest jarri (xuxen.eus/deskargatu):

  • Microsoft Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook
  • LibreOffice, OpenOffice
  • Firefox, Chrome eta Internet Explorer web-nabigatzaileak
  • Adobe InDesign
  • Hunspell

Mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere erabili ahal izango duzu Xuxen, Worden bezalaxe. Horretarako, zuk erabiltzen duzun web-nabigatzailerako bertsioa deskargatu besterik ez duzu egin behar (Firefox, Chrome edo Internet Explorer).

Gainera, Xuxenek badu bertsio libre bat ere, Hunspell-en oinarritutakoa, eta erabiltzaileen esku dago, beste aplikazio batzuetan txertatzeko. Halaxe egin du, adibidez, Tokikomek; Adobe InDesign CS6rako euskarazko hitz-zatikatzailea eta Xuxenen bertsio berritua bateratu ditu. Informazio gehiago: tokikom.eus/xuxen.

Gure ordenagailuan instalatuta nahiz online erabil dezakegu Xuxen 5.1; izan ere, xuxen.eus-eko kutxan bertan sar dezakegu zuzendu beharreko testua, eta sistemari eskatu akatsak detektatzeko eta zuzenketak proposatzeko.

Elhuyarren eta EHUko Ixa ikerketa-taldearen urteetako elkarlanaren emaitza da Xuxen 5.1 ere. Duela bi hamarkada baino gehiago hasi ziren elkarlanean Elhuyar eta Ixa, eta horretan jarraitzen dugu euskarak mundu digitalean aurrera egin dezan eta euskal gizarteak baliabide erabilgarriak eskura izan ditzan. Elkarlan horren emaitza da, Xuxenez gain, Matxin itzultzaile automatikoa besteak beste (http://matxin.elhuyar.eus/).

 

@email
943 363040  (luz.: 214)