Skip to main content
Xuxen.eus berritua

Kalean da Xuxen webgunearen bertsio berria

2023 | Abenduak 04
  • Xuxen.eus, euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren bertsio berria erabiltzeko prest dago.
  • Diseinu erakargarria du, erabiltzeko errazagoa da eta hainbat programatarako deskargatu daiteke.
  • Zuzenketa ortografiko eta gramatikalak proposatzeaz gain, genero-ikuspegia kontuan hartzen du.

 

Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren webgunea berritu da; orain, diseinu erakargarriagoa du eta erabiltzeko errazagoa da.

Bertsio honek hizkuntza-irizpide berrienak ditu txertatuak, hau da, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar Hiztegiko azken aldaketak kontuan hartzen ditu: azken urteotan gehitu diren hitz berriak, aldatutakoak eta onartzekoak ez liratekeenak ere bai.

Xuxen tresna aski ezaguna da, ia hogeita hamar urte joan dira zuzentzailea sortu zenetik. Ordutik, Microsoft Officeko azken bertsioekin bateragarria da, eta beste hainbat aplikaziotarako ere erabilgarri dago:

  • MS Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook
  • LibreOffice, OpenOffice
  • Firefox eta Chrome web-nabigatzaileak

Beste hainbat aplikaziotan ere erabil daiteke Xuxen berriena: Hunspell-en oinarritutako datuak deskargatzeko moduan daude webgunean, eta formatu hori onartzen duten aplikazioetan erabil daiteke Xuxen; esaterako, Adobe InDesign-en.

Bertsio berria ordenagailuan instalatuta nahiz online erabil daiteke: xuxen.eus webguneko kutxan bertan sar daiteke zuzendu beharreko testua, eta sistemari eskatu akatsak detektatzeko eta zuzenketak proposatzeko. 

Orobat, Xuxen zuzentzaileak, webguneko onlineko bertsioan, urrats bat gehiago egin du orain arteko bidean. Zuzenketa ortografiko eta gramatikalak proposatzeaz harago, genero-ikuspegia ere kontuan hartzen du eta hizkuntza baztertzailea saihesteko gomendioak ematen ditu, hizkuntzaren erabilera sexistaz ohartaraziz.


Adibidez:
•    Emakumeak gutxiesten dituzten adjektibo peioratiboen erabileraz ohartarazten du: panpoxa, txolina
•    Gizonen ezaugarriak eta gaitasunak goresten eta emakumeenak beheititzen dituzten zenbait esaera ordezteko proposamenak egiten ditu: gizon portatu -> behar bezala portatu, ederto portatu.
•    Oraintsu arte gizonekin soilik identifikatu izan diren ogibideak eta jarduerak molde ez-sexista eta inklusibo batean ematea proposatzen du: legegizon -> legelari.
•    Badira zenbait esaera gizonei soilik dagozkienak, emakumeengana ere zabaldu direnak; bada, esaera horietan emakumeak ere esplizituki aipatzea eta ikusgai egitea proposatzen du: erregeak -> errege-erreginak; maisuak -> maisu-maistrak.