Skip to main content
Elia

Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak itzultzaile juridiko-administratiboa jarri du martxan

2022 | Abenduak 15
  • Testu juridiko-administratiboak itzultzeko berariazko sistema txertatu du.
  • Beste bi berrikuntza ere egin ditu: itzulpenak editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua. 

 

Elhuyarrek testu juridiko-administratiboak itzultzeko berariazko sistema txertatu du Elia itzultzaile automatikoan. Horrez gain, beste bi berrikuntza ere gehitu ditu: itzulpenak esaldiz esaldi editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua, itzulpena moldatzen lagunduko dizun sistema.

Hiru dira, beraz, Elia itzultzaile automatikoak urte-amaierako eskaintzen dizkigun berrikuntzak.

Batetik, testu juridiko-administratiboetarako berariazko sistema bat txertatu du, alor horretako itzulpenekin entrenatua. Hartara, erabiltzaileak, testu-motaren arabera, sistema orokorra, orotariko testuentzat, edo sistema juridiko-administratiboa hauta dezake.

Itzultzaile juridiko-administratiboa TANPER proiektuan ikertu eta garatu da, Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK programak finantzatuta, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) laguntzarekin.

Bestetik, dokumentu osoak itzultzeko eskatzean, esaldiz esaldi edita daiteke sistemak proposatutako itzulpena, jatorrizkoarekin konparatuz, emaitza deskargatu aurretik. Hala, oso erraz zuzendu daitezke sistemaren hutsegiteak, zeinetako batzuk sistemak berak detektatzen baititu: zenbaki desberdinak, helbide elektroniko eta url okerrak…

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker, itzulpen gidatua eskaintzen du orain Eliak. Hala, proposatzen digun itzulpenaren gainean aldaketak egin daitezke sistemak lagunduta: hitz batean klik egin, eta handik aurrerako zatirako beste proposamen batzuk zerrendatzen dizkigu.  

Hiru berrikuntza horietaz gain, Eliak itzulpenak pertsonalizatzeko aukera gehitu zuen urte-hasieran. Aukera horri esker, hitz edo esaldi batzuk nahi bezala itzul daitezke. Funtzio hori eskaintzen duen euskarazko lehen itzultzaile automatikoa da Elia, eta testuen koherentzia zaintzen laguntzen du.

Elhuyarren itzultzaile automatikoa elia.eus webgunean erabil daiteke, eta doakoa da. Erregistratuz gero, aukera berri horietaz gain, hiztegi pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du, hitz jakin batzuk guk nahi bezala itzul ditzan.

Eliak sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu segundo gutxi batzuetan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Eta gailu mugikorretako aplikazioarekin, gainera, irudietako testuak ere itzul ditzake. Guk geuk ateratako argazkietako testuak nahiz sare sozialen bidez iristen zaizkigun irudietakoak itzultzeko balia dezakegu.