
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak itzulpenak azkarrago eta errazago egiteko aukera ematen du
- Norberak bere ordenagailuko mahaigaineko aplikaziotik erabiltzeko aukera ematen du.
- Zuzenean erabili daiteke edozein programatatik, webgunera joan gabe.
- Elhuyar hiztegia txertatu da Eliaren webgunean.
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak berrikuntza gehiago dakartza itzulpenak azkarrago eta errazago egin ahal izateko. Oraingo honetan, norberak bere ordenagailuko mahaigainean instalatzeko aplikazio bat dakar, itzulpenak zuzenean txertatu ahal izateko lanean ari garen testuan.
Funtzionalitate berri honi esker, norberaren ordenagailuko mahaigainean instala daiteke Eliaren aplikazioa, eta, webgunera joan gabe, zuzenean erabili edozein programatatik. Behin aplikazioa ordenagailura deskargatuta, aski dira hiru urrats edozein programatan testu bat itzultzeko: testua aukeratu, Ctrl + C bi aldiz sakatu eta Ctrl +V bi aldiz sakatu jatorrizko testua itzulpenarekin ordezkatzeko. Bideo honetan erraz ikus daitezke jarraitu beharreko pausoak.
Bestetik, ikusirik erabiltzaile askok hiztegi-kontsultak egiteko erabiltzen dutela Elia itzultzaile automatikoa, Elhuyarren hiztegia txertatu da Eliaren webgunean, emaitza fidagarriagoak erakusteko. Hala, hitz bakarreko edo biko jatorrizko testuen kasuan, Eliak Elhuyarren hiztegiko emaitza bistaratzen du itzulpen automatikoa eman beharrean.
Gogoan izan Elhuyarren itzultzaile automatikoak sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten dituela segundo gutxi batzuetan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Eta gailu mugikorretako aplikazioarekin, gainera, irudietako testuak ere itzul ditzakegu. Guk geuk ateratako argazkietako testuak nahiz sare sozialen bidez iristen zaizkigun irudietakoak itzultzeko balia dezakegu.