
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak ahotsa ere badu orain
- Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronalari TTS teknologia txertatu zaio orain, eta entzun egin daitezke proposatzen dituen itzulpenak.
- Telegram mezularitza-aplikazioan txertatu da Elia, komunikazio eleaniztuna errazteko.
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak, lau urte bete ditu, eta hobekuntza eta berrikuntza nabarmenekin dator.
Batetik, TTS teknologia txertatu zaio. Hala, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko agindu diezaiokegu, eta Elhuyarrek garatutako ahots sintetiko neuronaletan entzun ahal izango dugu proposatzen digun itzulpena. Horretarako, aski da bozgorailuaren irudia duen botoia sakatzea eta ahots bat aukeratzea (emakumezkoa ala gizonezkoa), eta esaldiz esaldi urdinez nabarmenduta ikusiko dugu entzuten ari garen esaldia. Itzulpenen kasuan bezala, sei hizkuntzatako ahotsak dauzka integratuta. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau; laster, mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.
Elia.eus webgunean TTS zerbitzua txertatzeko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dira.
Bestetik, Telegram aldibereko mezularitza-aplikazioan txertatu da Elia. Hala, Eliak eskaintzen dituen sei hizkuntzetako edozeinetara itzul daitezke Telegram bidez jasotzen diren mezuak. Aski da “Elhuyar Elia” kontaktuetara gehitu eta itzuli nahi den mezua hari bidaltzea.
Bideoa: Elia Telegramera iritsi da
Lau urte hauetan, Eliaren funtzionalitate eta aukerak ugaritu egin dira, eta erabilera-datuek ere gora egin dute. 2022an baino % 33 bisita gehiago jaso ditu webguneak aurten, eta erabiltzaile-kopurua % 12 igo da.
Egindako itzulpenik gehienak euskara eta gaztelaniaren artekoak dira, baina Elia sei hizkuntza hauen arteko itzulpenak egiteko balia daiteke: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.
Orain arte bezala, testu laburrak nahiz dokumentu formatudunak itzultzeko erabil daiteke Elia elia.eus webgunean. Dokumentuen kasuan, erosketa egiteko modua erraztu da: Paypal bidez nahiz bankuko txartela erabiliz egin daitezke ordainketak.
Webguneko berrikuntza horiek guztiak mugikorretako aplikazioetan (Android eta iOS) eta mahaigaineko aplikazioan ere egongo dira erabilgarri laster.