Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Azken edizioa

Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanek aitortza jaso dute CAF-Elhuyar sarietan

  • Gorka Azkune Galparsoro, Josu Doncel Vicente eta Mikel Etxeberria Okariz ikertzaileak, eta Xabier Monasterio Torre kazetaria izan dira sarituak.
  • Armintxe Animazio Taldeak jaso du beka, “Armintxe 2017” proiektua garatzeko; eta M. Jesus Esteban Galarza matematikariarentzat izan da Merezimendu Saria.
  • Guztira, 60 lan aztertu dira sariketan; eta parte-hartzaileen erdiak emakumezkoak dira, eta, beste erdiak, gizonezkoak.

Maiatzaren 12n izan da Caf-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur gunean (Donostia). Sariketaren helburua da zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea eta xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzea.

2017 CAF-Elhuyar sariak jaso dituzten guztiak. Arg.: Iñigo Ibañez

Bertaratutakoen artean, saridunez eta haien lagun eta senideez gain, epaimahaikideak eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Arantxa Tapia Otaegi, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Miren Dobaran Urrutia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea; Miren Elgarresta Larrabide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendaria; Antton Tomasena Rodriguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko zuzendari nagusia; eta Iñaki Alegria Loinaz, UEUko zuzendaria.


Zientzia-kazetaritzaren arloko saria

  • Izenburua: “Minbizia eta beronen metastasia”
  • Egilea: Xabier Monasterio Torre (Bilbo, 1959) idazlea eta itzultzailea da, eta Bilbo Hiria irratian aritzen da esatari-lanetan.
  • Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria

  • Izenburua: "Intuizioaren bide ilunak argitzen
  • Egilea: Gorka Azkune Galparsoro (Azpeitia, 1982). Azkunek iaz aurkeztu zuen adimen artifizialari buruzko tesia, eta, gaur egun, DeustoTech Institutuan ari da ikertzaile, arlo berean esparruko ikerketetan sakontzen.
  • Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria

  • Izenburua: “Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak
  • Egilea: Josu Doncel Vicente (Getxo, 1985). Matematikan doktore da, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago. Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika Saileko irakaslea da gaur egun.
  • Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

NEIKER-Tecnalia saria

Lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat saria:

  • Izenburua: “Udara bat ardiekin, senari jarraika
  • Egilea: Mikel Etxeberria Okariz (Beasain, 1994). Biologoa da, eta, gaur egun, Madrilen ari da Ekologiako Masterra ikasten. Dibulgazioan ere aritzen da, EuskalNatura blogean idazten baitu 2016az geroztik.
  • Saria: 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.

«Zientzia Gizartean» sorkuntza-beka

  • Izenburua: “Armintxe 2017”.
  • Egilea:  Armintxe Animazio Taldea Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osatzen dute, eta animazio-lanak egiten dituzte. Horren erakusgarri da “Beti bezperako koplak” film laburra (Kimuak).
  • 5.000ko diru-laguntza.

Merezimendu Saria

  • Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, 1956).

2017ko Elhuyarren Merezimendu saria jaso du, Elhuyarren lehendakari Txema Pitarkeren eskutik. Alonsotegin (Bizkaia, 1956) jaioa da, baina urteak daramatza Parisen. EHUn lizentziatu zen Matematikan, eta aitzindari izan zen euskara erabiltzen arlo horretan. Segidan, Parisera joan zen, eta han egin zuen doktore-tesia. 1981etik, Frantziako Ikerketa Zentroko ikertzaile da, eta Europako Matematika Elkarteko Matematika Aplikatuaren Batzordeko buru izan da. Izendapen ugari jaso ditu; berriki, ICIAM Matematika Industrial eta Aplikaturako Nazioarteko Kontseiluko lehendakari izendatu dute.


Hainbat epaimahaik ebatzi dituzte saridunak

Hainbat epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia kide hauek osatu dute:

  • Leire Cancio. Elhuyarreko zuzendari nagusia.
  • Arturo Elosegi. Ekologoa, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
  • Marian Iriarte. Kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
  • Uxune Martinez. Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna
  • Alberto Barandiaran. Kazetaria eta HEKIMEN elkartearen zuzendaria

Lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER-Tecnalia sarian, Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Berrikuntza Unitateko Arduradunak egin ditu epaile-lanak.

«Zientzia gizartean» sorkuntza-bekara aurkeztutako lanak, berriz, lagun hauek epaitu dituzte:

  • Maria Gil Rodriguez. Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
  • Josu Rekalde. EHUko Arte Ederren Fakultatea, Artea eta Teknologia saileko zuzendaria
  • Koldo Almandoz. Zinema-zuzendaria