Skip to main content

Azken edizioa

"Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak" lelopean banatu ditugu CAF Elhuyar sariak, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, Donostian. Hauek izan dira lan irabazleak:

Ane Portillo

DIBULGAZIO-ARTIKULU OROKORRAREN SARIA

Ane Portillo Blanco

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Ane Portillo Blanco berangoztarrak irabazi du, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarekin. Egileak aukeratu duen gaia, epaimahaiaren iritziz, ez da ohikoa, eta, alde horretatik, auzia plazaratu izana nabarmentzekoa dela aipatu du. Horrez gain, artikuluaren narratiba oso originala dela azpimarratu du, eta adierazi du irudi batzuk egileak propio sortuak izateak lanari balio handiagoa ematen diola.

Amaiur Esnaola

DOKTORE-TESIAN OINARRITUTAKO DIBULGAZIO-ARTIKULUAREN SARIA

Amaiur Esnaola Illarreta

Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, Amaiur Esnaola Illarretak eskuratu du, Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lanari esker. Esnaola Donostiakoa da. Epaimahaiaren iritziz, artikuluak ondo biltzen ditu ikerketa eta ondorioak. Horrez gain, modu atsegin eta erakargarrian kontatua dagoela adierazi du, oso idazkera egokian, eta argazkiek balio erantsia ematen dioela.

Fatima Villa

NEIKER SARIA

Fátima Villa González

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker sariak, eta aurtengo saritua Fátima Villa González da, Zer diotso sagarrak jogurtari? lanari esker. Saria irabaztearen zergatiak honela adierazi ditu epaimahaiak, hitzez hitz: “Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du.”

Jon Villapun

ZIENTZIA-KAZETARITZAKO SARIA

Jon Villapun Arbide, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti

Zientzia-kazetaritza kategorian, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lana izan da saritua. Kasu honetan, egileak hiru izan dira: Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibañez Espinosa. Epaimahaiak honela definitu du hirukotearen lana: aberatsa eta kalitate onekoa, irudiz eta lekukotasunez ondo hornitua, eta, kontatzen dena tokikoa bada ere, beste leku batzuetarako eredu izan daitekeena. Sakona bezain atsegina dela adierazi du epaimahaiak, eta ondo betetzen duela bere helburua, alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haiekiko kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea. Lana Geuria aldizkarian argitaratu zen iazko ekainean.

Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi da CAF-Elhuyar sarietan, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarraren Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuak jaso du beka.

Arantzazu Luzarraga

SORKUNTZA-BEKA

Arantzazu Luzarraga Iturrioz

Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarrak jaso du sorkuntza-beka Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuarengatik. Epaimahaia bat etorri da esatean proiektu originala dela eta gaurkotasuneko gai bati heltzen diola. Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza-lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du.

Elhuyarren sortzaileak

CAF-ELHUYAR MEREZIMENDU-SARIA

Elhuyarren sortzaileak: Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre, Mikel Zalbide Elustondo, Xabier Larrea, Luis Mari Bandres Unanue eta Kepa Zalbide Elustondo.

Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du. Sari horren helburua euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea da.
Aurten, Elhuyarren 50. urteurrena izanik, patronatuak Elhuyarren sortzaileei egin die aitortza hori: Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre, Mikel Zalbide Elustondo, Xabier Larrea, Luis Mari Bandres Unanue eta Kepa Zalbide Elustondo.
Patronatuak Ingeniaritzako bederatzi ikasle haiek duela 50 urte hasitakoak euskararen normalizazioari eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioari egindako ekarpena goraipatu du.

CAF-Elhuyar merezimendu-saria Elhuyar Fundazioak ematen du. Beste kategorietako sarituak hautatzeko, berriz, hiru epaimahai antolatzen dira. Batetik, dibulgazio-artikuluak eta zientzia-kazetaritzako lanak epaitu dituen epaimahaia: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetari eta idazlea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariko zuzendaria. Bestetik, Neiker saria aukeratu duen epaimahaia: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria. Azkenik, sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak ebaluatu dituen epaimahaia: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna, eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.