Skip to main content
Wikipemedia Foundationek eta Elhuyarrek hitzarmena sinatu dute Elia wikipedietan erabiltzeko

Wikimedia Foundationek eta Elhuyarrek hitzarmena sinatu dute Elia wikipedietan erabiltzeko

2021 | Abenduak 09
Wikimedia Foundationek eta Elhuyarrek sinatu duten hitzarmenari esker, wikipedietako editoreek Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa erabili ahal izango dute edukiak 6 hizkuntza hauen artean itzultzeko: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Orain arte Matxin Elhuyarren itzultzaile automatikoa txertatuta zegoen Wikipedian gaztelania-euskara hizkuntza-bikoterako, eta Eliak ordezkatu du orain, emaitza askoz hobeak ematen baititu eta erabilgarriagoa baita.

Onura bikoitza du elkarlan honek. Alde batetik, editoreentzat erreminta baliagarria da eduki berria sortzeko; izan ere, beste hizkuntza batzuetan dauden artikuluak moldatzeko erraztasunak ematen du. Beste aldetik, euskara, katalana eta galegoa diren bezalako hizkuntza gutxituetan sortutako edukiak hizkuntza handiagoetako wikipedietara eramateko erraztasunak emango ditu. Horrek guztiak onura nabarmena ekarriko dio azken erabiltzaileari, informazio gehiago topatuko baitu bere hizkuntzako wikipedian, Eliaren bidez editoreek egindako lanari esker.


Elia adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatiko bat da, Elhuyarrek garatua. Elia.eus webgunean eta mugikorretarako aplikazioan erabiltzeaz gain, zenbait sistematan integratuta ere erabil daiteke, eta horren adibide da Wikipediakoa. Azkar eta kalitate oso onarekin egiten ditu itzulpenak.


Euskarazko Wikipediarentzat estrategikoa da hitzarmen hau sinatu izana, izan ere, eremu digitalean euskararen presentzia areagotzeko erreminta bat gehiago jarri du erabiltzaileen eskura. Euskarazko Wikipedia 2001eko abenduaren 6an sortu zen, eta, beraz, 20 urte bete berri ditu, eta eduki gehien duten wikipedien artean dago, zehazki 33. postuan. 
Garrantzitsua da, halaber, euskaraz eta beste hizkuntza gutxitu batzuetan (katalana eta galegoa esaterako) idatzita dauden edukiak beste hizkuntza batzuetara pasatzeko aukera egotea. 


Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen blogean aurkituko dituzue Elia Wikipedian erabiltzeko argibideak.