Seigarren hizkuntza bat gehitu diogu Elhuyarren itzultzaile automatikoari: ingelesa
- Elhuyarren itzultzaile automatikoak sei hizkuntza dakizki orain: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana, galegoa eta ingelesa
- Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako puntako teknologia darabil, eta doan erabil daiteke, bai itzultzailea.eus webgunean, bai aplikazioa mugikorrera deskargatuta.
- Zerbitzu aurreratuak ere eskaintzen ditu: dokumentu formatudunak osorik itzultzea eta bezeroaren sistemetan integratzea.
2019ko azaroaren 27an jarri genuen erabilgarri Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna, doan, ordenagailu eta mugikorretarako: itzultzailea.eus. Orduan bost hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten zituen sistemak (euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa), eta orain seigarren hizkuntza bat gehitu diogu: ingelesa.
Bi modu daude erabiltzeko: itzultzailea.eus webgunean sartzea edo aplikazioa mugikorrera deskargatzea. Android gailuetarako nahiz iOS sistema darabiltenetarako bertsioak daude erabilgarri.
Bai webgunea bai gailu mugikorretarako aplikazioa oso erabilerrazak dira. Aski da testua dagokion tokian idaztea, emaitza zer hizkuntzatan nahi dugun aukeratzea eta “Itzuli” botoia sakatzea; izan ere, jatorrizko testuaren hizkuntza automatikoki detektatzen du.
Android mugikorreko aplikazioaren kasuan, gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen edo idazten ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elhuyarren itzultzailearen ikonoa agertuko zaigu. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia darabil itzultzaileak, eta Elhuyarreko bi lantalderen jardunaren emaitza da. Batetik, I+Gko ingeniariek hizkuntza-teknologietan egindako ikerketa-lanak eta pilatutako esperientzia. Bestetik, hizkuntzalariek hiztegigintzan eta itzulpenetan eskuratutako eskarmentua. Izan ere, Elhuyar 2002tik ari da hizkuntza-teknologietan lanean, 2004tik zehazki itzultzaile automatikoen arloan. Hizkuntzei dagokienez, berriz, Elhuyar erreferente da euskararen eta beste hizkuntza batzuen arteko zubigintzan, eta aurreko mendeko 90eko hamarkadan ekin zien hiztegigintzari eta testu tekniko eleaniztunak itzultzeari.
Itzultzaile automatikoa erosoa eta erabilerraza da oso, eta, malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Izan ere, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…