Skip to main content
Noticia Elhuyar

Irakurle Digitala, hezkuntza inklusiborako erreminta

2016 | Apirilak 12

Ordenagailuko testuak irakurri beharrean entzuteko teknologia baliatuz, Irakurle Digitala aplikazioa garatu du Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak, ikastetxeetan dislexia edota bestelako irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko.

Hezkuntza-arloan, arazo ezaguna da dislexia. Ikerketa batzuen arabera, 10 biztanletik batek gutxienez baditu irakurtzeko zailtasunak, nahiz eta ez dituzten guztiak diagnostikatzen. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eragozpen larria izan daiteke hori, eta teknologiak lagundu die...

Ordenagailuko testuak irakurri beharrean entzuteko teknologia baliatuz, Irakurle Digitala aplikazioa garatu du Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak, ikastetxeetan dislexia edota bestelako irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko.

Hezkuntza-arloan, arazo ezaguna da dislexia. Ikerketa batzuen arabera, 10 biztanletik batek gutxienez baditu irakurtzeko zailtasunak, nahiz eta ez dituzten guztiak diagnostikatzen. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eragozpen larria izan daiteke hori, eta teknologiak lagundu diezaieke dislexia edota bestelako irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei.

Horretarako, aliatu ezin hobeak dira testua ahots bihurtzeko sistemak; alegia, ordenagailuko pantailan dugun testua irakurri beharrean entzuteko aukera ematen digutenak.

Orain arte, ordea, ez zegoen berariaz euskarazko testuetarako sortutako gailurik, eta gaztelaniazko ahots-sintetizatzaileak erabiltzen ziren euskarazko testuak irakurtzeko. Baina ahoskerak ez dira berdinak bi hizkuntzetan, eta euskaraz baditugu zenbait soinu gaztelaniaz ez dituztenak, hala nola TX, TS eta TZ. Horregatik, euskarazko testuak gaztelaniazko sintetizagailuarekin irakurtzean, ulermen-arazoak sortzen dira, eta, beraz, sistema lagungarri izan beharrean, oztopo da ikasketa-prozesurako.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusian jabetu ziren horretaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei konponbide bat eskaini nahian, Elhuyarrera jo zuten. Elhuyarreko hizkuntza-teknologien sailak esperientzia handia du hizkuntza- eta ahots-teknologietan oinarritutako tresna eta zerbitzuetan. Besteren artean, EHUko Aholab taldeak garatutako euskarazko (eta beste hizkuntza batzuetarako) ahots-sintesian oinarritutako soluzioak garatzen ditu. Hala, Berritzegune Nagusiaren behar horri erantzuteko, Irakurle Digitala sortu zuen Elhuyarrek.

Irakurle Digitala, izatez, bi tresna dira: Firefox web-nabigatzailerako eta LibreOffice/OpenOffice ofimatika-programarako plugin edo luzapen bana. Luzapen horiek instalatuta, aipatutako bi programetan barra berri bat agertzen da, eta, barra horretan, “play” botoiaren alboan, hizkuntza eta abiadura aukeratzeko bi kutxa. Hizkuntzen artean, euskara, gaztelania eta ingelesa daude aukeran.

 

Webgune edo dokumentu bat irekita daukagula “play” botoi hori sakatuta, dokumentua aukeratutako hizkuntzan eta abiaduran irakurtzen hasiko da sistema, esaldiz esaldi, eta irakurtzen ari den esaldia nabarmenduta ikusiko dugu pantailan. Edozein unetan, irakurketa gelditu dezakegu, eta testuko nahi dugun lekutik aurrera jarraitzeko esan.

Garatutako soluzioak formaturik ohikoenetan dauden dokumentuak irakurtzeko balio du: Firefox-erako plugina webguneetarako eta PDFetarako da, eta LibreOffice-rako pluginaren bidez testu-prozesagailuz idatzitako dokumentuak irakurrentzun daitezke, .odt, .doc edo .docx luzapena dutenak. Gainera, bi softwareek PCetarako edozein sistema eragiletan funtzionatzen dute; beraz, Irakurle Digitalak Linux, Windows zein Mac-etan funtzionatzen du.

Probatu nahi izanez gero, Berritzegune Nagusiaren webgunean aurkituko duzue, doan deskargatzeko moduan.