Skip to main content
"Ezagutza da txertoa" lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

"Ezagutza da txertoa" lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

2021 | Apirilak 28
  • Nahia Seijas Garzón, Ainara Sangroniz Agudo, Iñaki Sanz Azkue, Asier Alvite Arregui eta Itxaso Navarro Celestino dira sarituak. Jon Urzelai Urbietak eta Helene Sánchez Zelaiak aipamen berezia izan dute Kazetaritzako eta Lehen sektoreko kategorietan.
  • Aurten bi sorkuntza-beka eman ditugu. Bat, Itxaso Navarro Celestinok jaso du, “Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua” proiektua garatzeko; eta, bestea, Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewiczek “15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak” lana egiteko.
  • Euskalgintzan ibilbide zabala egin duen Jabier Agirre Lasarte medikuarentzat izan da Elhuyar Merezimendu saria.

Gaur izan da CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia), eta, egoerak hala eskatuta, leku mugatuekin eta streaming bidez egin da. “Ezagutza da txertoa” izan da aurtengo sariketaren leloa. Gaurkotasun beteko gaia, eta horren adierazgarri izan da lehiaketara aurkeztu den lan-kopurua, 64. Esan daiteke ikertzaileek eta zientziazaleek bat egin dutela leloarekin eta deialdiaren helburuarekin, hau da, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aitortzearekin. 

Aurten, 64 lan jaso dira, eta, parte-hartzaileen artean, genero-oreka egon da. Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean: 

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Nahia Seijas Garzón amurriotarrak irabazi du, “Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen” izeneko artikuluarekin. Egileak gaiari osotasunez begiratzen diola, eta historiaren historia modu atsegin eta erakargarrian kontatzen duela nabarmendu du epaimahaiak lana saritzeko orduan, eta kazetaritzaren ikuspegitik, artikuluaren haria ondo josia dagoela azpimarratu du. 

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Ainara Sangroniz Agudok eskuratu du, “Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako” lanari esker. Sangroniz Elgetakoa da. Epamahaiaren iritziz, gaur egungo arazo bati erantzuten dion ikerketa baten berri ematen du artikuluak. Azpimarratzekoa, gaurkotasuna eta helburua: mundua hobetu nahi izatea.  

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoria dago. Lan saritua gaurkotasun beteko artikulu bat dela adierazi dute epaimahaikideek; aldi berean, egilearen ikuspegi pertsonala azaltzen duela, behaketan eta kontenplazioan oinarritua, eta horrek originaltasuna ematen diola. Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak idatzitako “Etxeko leihoak naturaren behatoki” lana izan da irabazlea, eta Gaur8 astekarian eta Naiz egunkari digitalean argitaratu zuten iazko martxoan.

Zientzia-kazetaritzaren kategorian lan bakarra saritu badaiteke ere, epaimahaikideek erabaki dute beste lan batek aipamen berezia merezi duela: Jon Urzelai Urbieta zumarragarraren “Pentsatu, ez sinistu”. Epaimahaiak dio Urretxuko eta Zumarragako proiektu komunikatiboaren KKinZona irratsaioan emandako lan horrek izurriari buruzko kontzeptuak argitzen dituela, sineskeriei, sasiegiei eta teoria negazionistei aurre eginez eta kultura zientifikoa zabalduz. 

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker Sari Bereziak, eta aurtengo saritua Asier Alvite Arregui zumaiarra izan da, “Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?” lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia ematen diote lana berritzailea izateari, teknologian oinarritua egoteari eta erabilgarritasunari, eta adierazi dute saritutako artikulu honek irizpide horiek bere osotasunean betetzen dituela.

Kategoria honetan, halaber, beste lan bat nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen bereziaren bidez. Oraingo honetan, Helene Sánchez Zelaia durangarra izan da saritua, “Klima-aldaketa eta mahastizaintza” lanarekin. Epaimahaiaren arabera, egileak, artikulu honetan, puri-purian dagoen arazo bati irtenbide bat ematen dio, diziplinartekotasunean eta praktikotasunean oinarritua. 

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. 

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, ordea, horrelako bi diru-laguntza banatu dira: bata Itxaso Navarro Celestino donostiarrak jaso du ”Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua” lanarengatik, eta bestea Ander Gortazar Balerdi donostiarrak eta Jacek Markusiewicz poloniarrak jaso dute, “15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak” lanarengatik. 

Lehenengo lanari buruz, epaimahaiak honako hau azpimarratu du: teknika berria proposatzen du, eta gogoeta interesgarria egiten du, spama beste hizkuntza batera eramanaz. Bigarrenari dagokionez, epaimahaiak dio urbanismoarekin lotura duen kezka garaikide bat azaleratzen duela lanak, eta gizartean gogoeta egiteko baliagarria izan daitekeela. 

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jabier Agirre Lasartek jaso du aitortza hori; euskalgintzan ibilbide luzea izan du mediku honek, eta zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana aitortu nahi izan zaio. 

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetari eta idazlea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariko zuzendaria. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak, berriz, hauek izan dira: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna, eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.

 

Image
CAF Elhuyar Sariak 2021