
Eusko Jaurlaritzak liburuxka batean jaso eta zabaldu du Elhuyarrekin batera Lehendakaritzan egindako euskararen normalizazio-prozesua
Lehendakaritzan euskara sustatzeko prozesua ez da berria; izan ere, hainbat plan eta ekimen garatu dira azken urteetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko. Horretaz baliatuz, Eusko Jaurlaritzak liburuxka batean jaso eta zabaldu du Elhuyarrekin batera Lehendakaritzan egindako euskararen normalizazio-prozesua, esperientziak hobetzeko eta irismen handiagoko ekimenak bideratzeko.
2017an erabaki zen, hain justu, euskararen normalizazio-prozesuari beste ikuspegi bat ematea, eta zilegi da esatea bultzada nabarmena eman zitzaiola prozesuari, alderdi kuantitatiboari (erabilera eta presentzia) zein alderdi kualitatiboari dagokienez (erakundean sortu den ilusioa, elkarlana, inplikazioa, ekimenaren sendotasuna…).
Horiek horrela, esperientzien arrakastaz jabetuta, egindakoa aztertzea erabaki zen, azterketa horretatik aurrera egiteko gakoak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko, baita 10 urteren buruan Lehendakaritzak non egon nahi duen irudikatzeko ere. Eta, horretaz gain, egindako bidearen eredua eta azterketa baliagarria balitz, antzeko erakundeen esku jartzeko.
Sistematizazio-lanari helduta, lehen urratsa izan zen 2017tik 2021era egindako ibilbidea xehe deskribatzea. Ibilbidearen ikuspegi osoak lagundu zuen gakoak identifikatzen eta aurrera begirakoak irudikatzen. Izan ere, sistematizazioa esperientzia baten edo batzuen interpretazio kritikoa da. Kasu honetan, esperientzia horiek antolatzeak eta berreraikitzeak hainbat elementu identifikatzen lagundu zuen; esaterako, prozesuaren logika, prozesuaren faktoreak eta gakoak, haien arteko harremana nolakoa izan den eta modu horretan zergatik egin den. Azken finean, sistematizazioa gure esperientziak hobeto ulertzeko tresna bat da; betiere, esperientziak hobetzeko eta irismen handiagoko ekimenak bideratzeko.
Lehendakaritzako sistematizazio-lanari esker identifikatu diren gako nagusiak hauek izan dira:
- Prozesuan partekatu ditugun balioak lantzea: aniztasuna zaintzea, entzute aktiboa ahalbidetzea, urratsak progresibitatez egitea, elkarreganako konfiantza lantzea, lidergo partekatua egituratzea, malgutasunez jokatzea, enpatia eta asertibitatea sustatzea, pertsonak erdigunean jartzea…
- Erabaki politiko argia hartzea, eta maila politiko eta teknikoaren arteko elkarlana bideratzea.
- Prozesuaren iparra eta helmuga denekin adostea.
- Euskararen beharra ikusaraztea eta sentiaraztea arduradunei eta langileei.
- Euskara-arduradun bat izendatzea, erabaki-ahalmena duena, eta prozesuaren liderra izango den talde motor eraginkor bat osatzea.
- Lider informalak aktibatzea eta aliantzak eta konplizitateak bilatzea.
- Hizkuntza-errealitatea hizkuntza hegemonikoaren begiradatik ateratzea eta hizkuntza gutxituaren egoeratik ikusaraztea; horretarako, erakundeko kideak soziolinguistikan trebatzea, gai horretan ahalduntzeko.
- Euskara ulertzearen garrantzia azpimarratzea eta ikusaraztea.
- Prozesua etengabe ebaluatzea.
Bestalde, aurrera begira jarrita, eta uneko egoera barneratuta, une egokia da Lehendakaritzan euskaraz lan egitea naturala izan dadin urratsak egiteko, hau da, lehendakaritza arigune izateko bideari ekiteko. Sistematizazioak lagundu du fase berri horren iparra zehazten, eta hainbat estrategia eta urrats planifikatu beharko dira horretarako: plan berria diseinatu, zuzendaritzen hizkuntza-lidergoa indartu, atxikimendua landu eta euskara-teknikarien belaunaldi berria prestatu, besteak beste.