Skip to main content
Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak % 40 egin du gora erabiltzaileetan

Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak % 40 egin du gora erabiltzaileetan

2021 | Azaroak 24
  • Bi milioi bisitatik gora izan ditu aurten, eta % 40 egin du gora erabiltzaile-kopuruak.
  • Guztira, 610 milioi hitz baino gehiago itzuli ditu sistemak.
  • Gaztelaniatik euskarara itzultzeko erabili da gehien. 
  • Eliak sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Dokumentu formatudunak itzultzen ditu, eta argazkietako testuak itzultzeko erabil daiteke mugikorretarako aplikazioa.
     

Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronalak 2020ko datuak hobetu ditu 2021ean. Bi milioi bisitatik gora izan ditu aurten, eta % 40 egin du gora erabiltzaile-kopuruak.

Bi urte bete ditu Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunak, eta ia 600.000 erabiltzailek baliatu dute iazko azarotik. 2020tik 2021era % 40 igo da erabiltzaile-kopurua. 

Guztira, 610 milioi hitz baino gehiago itzuli ditu sistemak. Webguneak bi milioi bisita baino gehiago izan ditu azken urtebetean, 2020an baino % 30 gehiago. 

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia darabil Eliak, eta sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Aurten, gaztelaniatik euskarara itzultzeko erabili da gehien.

Elia_hizkuntzabikoteak

 

Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronala

Elia Elhuyarren itzultzailea elia.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta (Android eta iOS).

Dokumentu formatudunak osorik itzultzen ditu. Testu laburrak “kutxan” bertan kopiatuta itzul daitezke, doan, eta horretarako ez dago erabiltzaile gisa erregistratu beharrik. Webgunean erregistratuz gero, ordea, aukera gehiago ditu erabiltzaileak: batetik, hitz gehiago itzul ditzake aldiko testu-kutxa erabiliz (erregistratu gabe, 100 hitz aldiko; erregistratuta, 500 hitz aldiko); bestetik, dokumentu formatudunak osorik itzul ditzake, formatua errespetatuz. 

Elia_dokumentumotak

Mugikorreko aplikazioaren kasuan, gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elia agertuko zaigu aukeren artean. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.

Bestalde, mugikorretarako aplikazioak argazkietako testua itzultzeko aukera ere ematen du. Horretarako, aski da aplikazioa ireki eta mugikorra irudiaren parean jartzea. Aplikazioak irudiko testua detektatuko du, eta itzuli egingo du guk eskatutako hizkuntzara, guk testua letraz letra aplikazioan sartu beharrik izan gabe.