Skip to main content
Elhuyarrek energiaren autokontsumoaren aldeko apustua egin du Goiener kooperatibaren eskutik

Elhuyarrek energiaren autokontsumoaren aldeko apustua egin du Goiener kooperatibaren eskutik

2022 | Martxoak 01
  • Elhuyarrek 126 eguzki-panel jarri ditu egoitza nagusiko teilatuan. 
  • Urtean kontsumitzen duen energiaren % 35 sortuko du, eta ia 17 tona CO2 isurtzea saihestuko du.
  • Eraikinaren efizientzia energetikoa hobetzeko lanak egin dira: fatxada birgaitu eta inguratzaile termikoa hobetu. 

Elhuyarrek erakunde berdeago bat egiteko erronka ezarri zuen 2019-2023 Plan Estrategikoan. Bide horretan, karbono-aztarna txikitzeko asmoz, eraikinaren efizientzia energetikoa hobetzeko lanak egin ditu. Bi izan dira lan nagusiak: eraikinaren isolamendua hobetzea, eta eguzki-energia erabiliz energia-burujabetzan aurrerapausoak ematea, autokontsumoko instalazio baten bidez. Azken horretarako, Goiener kooperatibarekin elkarlanean jardun da. Goiener kooperatibako bazkidea da Elhuyar, eta azken urteotan elkarlana sakondu dute. Alde batetik, Goienerrek efizientzia energetikoa hobetzeko laguntza eskaini dio Elhuyarri, eta, bestetik, Elhuyarrek euskararen eta partaidetzaren inguruko jakintza partekatu du Goienerrekin, zientziaren dibulgazioan efizientzia energetikoa hobetzeko ikuspegia txertatzearekin batera.

Erakunde berdeago bat izateko bidean, beraz, 126 eguzki-panel jarri ditu Elhuyarrek egoitza nagusiko teilatuan, azaleraren 252 m2 estaliz. Plaka foltovoltaiko horiek 47 kW-eko potentzia dute, eta Elhuyarrek urtean kontsumitzen duen energiaren % 35 sortuko dute; % 31, berriz, soberakin energetikoa izango da, eta sarean sartuko da. Instalazio horri esker, urtean ia 17 tona CO2 isurtzea saihestuko da. Urteko CO2 xurgatua 1.882 zuhaitzek xurgatzen dutenaren parekoa izango da. Autokontsumo-instalazioaren proiektua Goiener taldeko Nafarkoop kooperatibak egin du.

Eguzki-panelak jartzeaz gain, eraikina hobetzeko lanak egin dira, 50. urteurreneko testuinguruan eraikinari jantzi berri bat emanez itxura modernizatzearekin batera. Besteak beste, fatxada birgaitu eta isolatu da, teilatua isolatu da eta leihoak aldatu dira. Hobetze-lan horiekin eraikinaren urteko energia-gastua % 24 murriztea espero da, eta urteko CO2-isuriak % 16,8 murriztea. 

Estrategia horren barruan, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua ere egin da; eraikinean bi kargatze-gune instalatu dira, eta ibilgailu hibrido entxufagarrietarako jauzia egin da. 

Lan horiek aurrera eramateko, 260.000 euroko inbertsioa egin da; % 31 Energiaren Euskal Erakundeak lagundu du diruz.