Elhuyar hiztegiak 25 urte bete ditu
- Urteurrena ospatzeko, webgunea eta mugikorretako aplikazioa berritu ditugu
- Kontsulta-sistema erabilerrazagoa da
- Hiru hiztegi biltzen ditu webguneak: EU-ES, EU-FR eta EU-EN
- Edukia etengabe eguneratzen jarraitzen dugu
- Elhuyarren Gomendioak kontsultatzeko bidea errazagoa da
Elhuyarren ikurretako batek, Elhuyar hiztegiak, 25 urte bete ditu aurten, eta, ospatzeko, hiztegia kontsultatzeko webgunea eta gailu mugikorretarako aplikazioa berritu ditugu.
1996an hasi zen Elhuyarren EU-ES hiztegi elebiduna Euskal Herriko ikastetxe, liburutegi eta etxeetako apalategietan lekua hartzen, eta erreferente izan da geroztik, bai euskaraz lan egiten duten profesionalentzat, bai euskara ikasten eta irakasten ari direnentzat.
25 urteotan, papereko edizio bat baino gehiago izan du EU-ES hiztegiak, eta geroago etorri ziren EU-FR eta EU-EN hiztegiak.
1999an eman genuen paperetik digitalerako jauzia, eta 2013tik egin daitezke kontsultak hiru hiztegietan batera ordenagailu eta gailu mugikorren bidez.
Mende-laurdena bete duela ospatzeko, webgunea eta mugikorretako aplikazioa berritu ditugu orain, azalean eta mamian. Diseinu moderno eta berritzailea emateaz gain, kontsulta-sistema erabilerrazagoa gehitu diogu, eta hiztegiko sarrerak Interneteko adibide errealez hornitu ditugu, Dabilena web-corpusen atariari esker.
Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak kontsultatu daitezke webgunean (EU-ES, EU-FR eta EU-EN), eta, bilaketak euskaratik eginda, hiruretako emaitzak batera ikusteko aukera dugu.
EU-ES sarreren kasuan, Interneteko adibide elebakarrak (EU) nahiz elebidunak erakusten ditu, Dabilena web-corpusen atariari esker.
Eta euskaraz egoki idazten eta hitz egiten laguntzeko aldian-aldian argitaratzen ditugu gomendioak ere kontsultagai daude.
Hizkuntzalaritzan erreferente izateaz gain, teknologia berrietan ere erreferente da Elhuyar, eta, bi arloetako erreferentzialtasun horri esker, etengabe eguneratzen eta hobetzen jarraitzen du, euskal gizartearen eskura punta-puntako baliabideak eta tresnak jartzeko. Horren erakusgarri da hiztegiaren webgune berria.