Boisen eta Renon izan gara euskarak adimen artifizialaren aroan bizi duen egoera azaltzen
- Igor Leturia, Elhuyarrek sustatutako Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa-teknologien arduraduna, Boisen eta Renon aritu da euskararekin lotutako hizkuntza-teknologien egoera azaltzen.
- Etxepare Euskal Institutuak Boise State Universityn sustatzen duen Eloise Garmendia Bieter Katedrari esker egin du AEBko egonaldia.
- Leturiak hainbat hitzaldi eta eskola eman ditu euskararako adimen artifizialari buruz, eta Elhuyarren Elia, Aditu eta TTS sistemak erakutsi ditu.
Etxepare Euskal Institutuak Boise State Universityn (BSU) bultzatzen duen Eloise Garmendia Bieter Katedrako aurtengo irakasle gonbidatua izan da Igor Leturia —Elhuyarrek sustatutako Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa-teknologien arduraduna—. Boisen eta Renon eskolak, hitzaldi espezifikoak eta hitzaldi irekiak eman ditu Leturiak irailaren 13tik 25era bitartean adimen artifizialaren aroan euskarak bizi duen egoeraren berri emateko.
AEBko egonaldian, Boise State University-k eta Renoko University of Nevadako Euskal Ikasketen Zentroak lankidetzan antolatutako World Languages International Conference on Cultural Studies kongresuko hizlari nagusia izan da Leturia. Eta, horrez gainera, eskolak eta hitzaldiak eman ditu Boise State Universityko Munduko Hizkuntzen Sailean eta Informatika Fakultatean, Boiseko Euskal Museoan eta Renoko University of Nevada-ko Euskal Ikasketen Zentroan.
Eloise Garmendia Bieter Katedraren aurtengo egonaldiaren bidez, «Euskal Herriko egunerokotasuna eta ezagutza akademikoa ekarri nahi izan da Boiseko eta Renoko unibertsitateetara eta euskal komunitatera. Hizkuntza- eta hizketa-teknologien arloan egiten dugunaren berri ekarri diet nik. Asko lantzen dituzte euskal kultura, historia, euskara eta abar, baina aurtengoan antolatzaileek komunitateari erakutsi nahi zioten puntako teknologia ere lantzen dela euskararentzat eta Euskal Herrian».
Hala, hainbat ikuspegitatik erakutsi du Leturiak gaur egun bizi dugun adimen artifizialaren arloan euskarak zer toki duen. Batetik, Orairen teknologia erabiltzen duten Elia (Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronala), Aditu (Elhuyarren hizketa-ezagutzailea) eta Elhuyarren TTS sistema (hizketa-sintesia) erakutsi ditu, besteak beste. Bestetik, horiek lortu arte euskarazko hizkuntza-teknologietan zer estrategia eta teknologia garatu diren azaldu du. Eta, bestalde, agerian utzi du baliabide urriko hizkuntzek zer estrategia erabiltzen dituzten datu-masa handietan oinarritzen diren gaur egungo hizkuntza- eta hizketa-teknologiak garatzeko. Boiseko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, adibidez, «azaldu nahi izan diet zer ezberdina den, zer arazo sortzen diren eta zer estrategia erabiltzen diren ingelesaren tamainakoak ez diren baliabide urriko hizkuntzekin lengoaia-teknologiak ikertzeko eta lortzeko», dio Leturiak.
Leturia pozik agertu da diasporan izan duen harrerarekin: «Niretzat pertsonalki oso aukera polita izan da. Erronka handia izan da egonaldi hau; oso publiko ezberdinarentzako klaseak eta hitzaldiak prestatu beharra erronka bat da, akademikoki eta profesionalki, ideiak argitu eta antolatzea eta dibulgaziorako eta hezkuntzarako prestatzea eskatzen duelako. Horrez gain, hemengo unibertsitatean hizkuntza-teknologietan aritzen diren irakasle eta ikertzaile asko ezagutu dut, eta horrek aukera eman dezake etorkizunean kolaborazioak eta lankidetzak sustatzeko. Eta, batez ere, Boiseko eta AEBko beste toki batzuetako euskal diasporaren eta euskal komunitateen berri izateko eta bertatik ezagutzeko aukera izan dut. Liluragarria da benetan».
Orai NLP Teknologiak
Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko adimen artifizialeko zentroa da Orai. 20 urtetik gorako esperientziak eta bermeak ematen dioten hainbat arrakasta-kasu ditu. Horren adierazgarri, urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituzte, eta aitzindari izan dira Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Lantaldean 8 ikertzaile doktore daude.
Eloise Garmendia Bieter Katedra
Euskara eta euskal ikasketen onespena eta ikusgarritasuna indartzeko Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedrak bultzatzen ditu nazioarteko hainbat unibertsitate entzutetsutan. Eloise Garmendia Bieter katedra 2015an abiatu zen euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko xedearekin. Garmendiak berak euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta AEBko euskal komunitatean jokatutako rolarengatik.