Skip to main content
Aditu

Automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko Aditu plataformak berrikuntzak dakartza lehen urteurrenean

2021 | Ekainak 22
  • Adituk euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak transkribatzeaz eta azpititulatzeaz gain, orain, elebidunak ere ulertzen ditu.
  • Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratu da Aditun, testuak itzuli ahal izateko.
  • Automatikoki sortutako transkripzioak, azpitituluak nahiz itzulpenak webgunean bertan edita daitezke. 

Elhuyarren hizketa-ezagutzaileak, Adituk, urtebete egin du erraldoi teknologikoei aurre eginez. Audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko lehen euskal plataformak aurrerapauso bat eman du zenbait berrikuntza gehituz eta euskararentzat giltzarri diren garapen teknologikoak sendotuz.

Adituk aurrez grabatutako audio- eta bideo-fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du. Orain arte, euskarazko eta gaztelaniazko hizketa ezagutzen zuen, hau da, hizkuntza horietako batean zegoen fitxategiekin egiten zuen lan; baina orain hizketa elebiduna transkribatzeko eta azpititulatzeko ere erabil daiteke, euskara eta gaztelania nahasian dituzten fitxategiak ere prozesatzen ditu. Eta, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak. Horrez gain, automatikoki sortzen duen emaitza webgunean bertan editatu dezake erabiltzaileak, eta ondoren behin betiko fitxategiak deskargatu.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia du atzean Adituk, eta eremu askotan aplika daiteke, azken urte honetan egin den moduan:

  • Ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean: dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak…
  • Zuzeneko emisioetan
  • Administrazio publikoan: udalbatzarren edo bestelako bileren aktak jasotzeko
  • Pertsonen eta makinen arteko elkarrekintzan: 4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotika, elkarrizketa-agenteak eta laguntzaile birtualak, dei-zentroak…
  • Irisgarritasuna: diktaketa-sistemak…

Adituk audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak (EITB, RTVE, Youtube, Facebook, Instagram…) prozesatu ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan). Eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora-markekin ere eska diezaiokegu, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. Adituk, gainera, datuen pribatutasuna bermatzen du prozesu osoan.

 

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=dqmIA9xJokA