Skip to main content
Alfontso Mujika Elhuyarreko kidea euskaltzain oso

Alfontso Mujika Elhuyarreko kidea euskaltzain oso

2021 | Azaroak 26
Alfontso Mujika Etxeberria Elhuyarreko lankidea euskaltzain oso izendatu du gaur Euskaltzaindiak, Iruñean egin duen osoko bilkuran. Nor da, ordea, Alfontso?

Donostiako Egia auzoan jaio zen Alfon (hala deitzen diote lankide eta lagunek), 1959ko urriaren 28an. Familia erdaldun bateko hiru seme-alabetan erdikoa da, eta erdal giroan hazi zen harik eta gaztaroan, besteak beste Mikel Laboaren kantek liluratuta, euskararekiko harra piztu eta euskaraz ikasten hasi zen arte.

17-18 urterekin AEK-ko gau-eskolan euskararako lehen urratsak eman, eta Orexako Iriarte baserriko familiak kutsi zion euskararako bidea, belar ondua biltzen, ganbelak betetzen eta azpiak ateratzen erakusteaz gainera. Ez dakigu behinola Orixeren jaiotetxea izan zen hartan Ixabelik ba ote zen.

Ikastun ona izan da beti, eta laster bihurtu zen euskaldun oso; 23 urte zituenerako hasia zen euskara-irakasle AEKn. Irakasle izatetik, Koordinakundearen Donostialdeko eraketa-arduradun izatera pasatu zen, eta handik UEU kudeatzera egin zuen salto.

1990etik Elhuyarren ari da lanean, eta arlo askotan jardun du Elhuyarren barruan: erredaktore aritu zen Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoan, eta Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren erredakzioburua izan zen 1995ean. Teknopolis zientzia-dibulgazioko programaren erredaktorea (1999-2001) eta zuzendaria (2000-2002) izan zen gero, eta itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzuan ari da geroztik. Guztion hizkuntza-zalantzak arrazoitzen eta argitzen eta irizpideak ezartzen saiatu eta nabarmendu da. Elhuyar Hiztegiaren sorkuntzan ere zutarri garrantzitsua izan zen, eta geroztik ere egunero aritzen da hiztegia osatzen eta zuzentzen. Horretaz gainera, 2017tik Euskara Teknikoa irakasten du Donostiako Tecnun Ingeniaritza Eskolan. Bestalde, Elhuyar Fundazioaren Patronatuko idazkaria da fundazioa eratu zenetik.

Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen EHUn, baina, besteak beste Jaione emazteak horretara bultzatuta, euskararen modernizazioan eta estandarizazioan egin du bide profesionala, eta erreferente bat da euskarazko hiztegigintzan, itzulpenetan eta euskara egoki erabiltzeko irizpideak jartzen dihardutenentzat.

Erreferentzialtasun horren erakusgarri, gaur euskaltzain oso izendatu aurretik, euskaltzain urgazle izendatu zuten 2006an, eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kide 2008an.

Aurrez hasia zen, ordea, euskara zuzen eta egoki erabiltzeko gomendio eta irizpideak ematen euskara darabilten profesionalei, bai zuzeneko trebakuntza-saioen bidez, bai argitalpenen bidez.

Hala, 2002tik ari da lanean Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordean, eta 2016tik Onomastika batzordean, eta bietako idazkaria da gainera.

Euskaltzaindiaren beraren Euskara Batuaren Eskuliburuko lantaldeko aholkulari eta ohargilea da, eta, berak idatziak dira EIMA ikasmaterialen Aholku Batzordearen eskuliburuko bi liburuki: Onomastika, batetik, eta Letra larriak erabiltzeko irizpideak, bestetik. Gainera, 2019an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak argitaratutako Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuaren idazle eta prestatzailea izan zen.

EIZIEren sareko baliabideetan ere aktiboki parte hartu du azken 20 urteotan, hala nola  Itzul posta-zerrendan eta 2tzuL eta 31 eskutik blogetan.