Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Hiztegi bat eta itzultzaile digital bat aragoierarako

2018.04.27-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Aragoiko Gobernuko Lurralde Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza Kontseiluko kontseilari José Luis Soro buru zela, gutxiengoen hizkuntzak digitalizatzeko esperientzien tailerra egin zen atzo Zaragozan, LINGUATEC Europako proiektuaren barruan. Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 6 erakundek hartu zuten parte topaketan; tartean zen Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduraduna, Josu Aztiria. Bileran izan ziren, halaber, Aragoiko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusia, Ignacio López Susín, eta Aragoiko Turismoko zuzendari kudeatzailea, Jorge Marqueta.

Sosok esan zuenez, “helburua da aragoieraren hiztegi bat eta itzultzaile bat izatea sarean”. Europako proiektu honek “gutxiengoen hizkuntzetan aplikatu nahi du digitalizazioa”, Sorok adierazi zuenez, eta esan zuen “jardunaldi honek aukera eman duela okzitanieraren eta euskararen digitalizazioa ezagutzeko”.

EFA 227/16/LINGUATEC “Mugaz gaindiko kooperazioaren garapena eta hizkuntza-teknologien jakintzaren transferentzia” proiektuaren helburua da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetuko duten baliabide, tresna eta aplikazio linguistiko berritzaileak garatu, frogatu eta zabaltzea. Horretarako, partzuergo bat du, 6 erakunde hauek osatua:

  1. ELHUYAR FUNDAZIOA
  2. LO CONGRÈS PERMANENT DE LA LENGA OCCITANA
  3. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
  4. CNRS (CENTRE NATIONAL DE LA RECHERCHE SCIENTIFIQUE)- DELEGATION REGIONALE MIDIPYRENEES
  5. EUSKALTZAINDIA
  6. SOCIEDAD DE PROMOCIÓN Y GESTIÓN DEL TURISMO ARAGONÉS SLU

Mugaz gaindiko lankidetzari esker, jakintzak transferitu eta merkatu-potentziala duten irtenbide linguistikoak garatuko dira; era berean, onuragarriak izango dira hizkuntzen profesionalentzat, eduki eleaniztunetarako sarbidea izango du publikoak, eta hizkuntza-teknologien mugaz gaindiko kluster baten garapenean aurrera egin ahal izango da.

Proiektuko bazkide diren 6 erakundeen lankidetzari esker, emaitza hauek lortzea espero da:

• Aragoiera digitalizatzeko bide-orri bat

• 5 baliabide linguistiko berri (okzitaniera: lexiko elebakarra eta ele bikoa –okzitaniera/beste hizkuntza batzuk–, analisi morfosintaktikoa eta sintaktikoa; euskara: ahots-ezagutzea)

• 8 tresna linguistiko garatu edo hobetzea (Okzitanieraren, aragoieraren eta Iparraldeko euskararen ahots-sintesia; okzitanieraren eta okzitanieraren aldaeren testu-detektagailua; frantsesa-okzitaniera, gaztelania-euskara, gaztelania-aragoiera itzulpen automatikoen hobekuntza).

• 6 aplikazio berritzaile garatzea: webguneetarako itzulpen automatikoko barra deskargagarria; CMSren itzulpen automatikoko aplikazioa; Pirinioetako hizkuntzen arteko itzulpen automatikoko aplikazioa; Euskara Batuaren Eskuliburu Digitala; Onlineko Aragoiera Hiztegia; web-bilatzaile semantiko eleaniztuna.

• Unibertsitateen eta enpresen arteko akordio bat, irtenbideak merkaturatzeko.

EFA227/16/LINGUATEC proiektua bigarren POCTEFA deialdian onartu zuten, 1.227.500 euroko aurrekontuarekin; aurrekontu horren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. Espainia-Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da POCTEFAren xedea. Lurralde-garapen jasangarriaren aldeko baterako estrategien bidez mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzera bideratzen da laguntza hori.