Skip to main content
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dira

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dira

2021 | Ekainak 16
  • Elhuyarrek eta DIPCek hamaikagarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da gaur, Tabakaleran.
  • "Deepfake, etorkizuna atarian" eta "¿Por qué no podemos tomar un ibuprofeno cada 4 horas pero sí alternarlo con paracetamol?" bideoek jaso dute sari nagusia.
  • Irungo Toki-Alai ikastetxeko DBHko ikasleek jaso dute Gazte Saria, “Aurrera goaz” lanarengatik.

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Gaur banatu dira aurtengo sariak, hamaikagarrenak jada, Tabakaleran. 

Aurten 86 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Alemaniatik, Erresuma Batutik, Mexikotik edota Perutik, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv

Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) kategorian, aurten lehendabizikoz bi sari nagusi banatu ditu epaimahaiak. Berdinketa teknikoa gertatu da euskarazko eta gaztelaniazko bideo banaren artean, eta, horregatik, aurten Euskarazko Bideo Onenaren Saria eman gabe uztea erabaki da, eta horren ordez bi sari nagusi ematea. Alde batetik, Unai García, Mikel González, Eneko Mosquero eta Alex Bouza batxilergoko ikasle andoaindarrek jaso dute, “Deepfake, etorkizuna atarian” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “esperimentu teknologiko bat oso modu ikusgarrian erakusten du; oso bideo originala da, ongi landutakoa, eta primeran egituratutako diskurtsoa duena”. Bestalde, Yasia Doslinea galiziarrak ere jaso du bideo onenaren saria, “¿Por qué no podemos tomar un ibuprofeno cada 4 horas pero sí alternarlo con paracetamol?” lanarengatik. Epaimahaiak nabarmendu du oso lan bitxia eta gertukoa dela, eta ongi asmatu duela eguneroko arazo bat modu ezin hobean azaltzen.

Gazte Saria (1.000 €) Irungo Toki-Alai ikastetxeko DBHko Urdinak eta Berdeak taldeetako ikasleek jaso dute, “Aurrera goaz” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “baloreak transmititzen dituen lana da, eta egileek zientzia eta historia modu egokian lotzen jakin dute, talde-lanean eta mezu positiboa emanez”.

Epaimahaiak aipamen berezia Carmen Rejari eman dio, “Ciencia” lanarengatik. Zientziak publiko ororentzat eta pertsona guztientzat ulergarria izan behar duela aldarrikatzen duen bideoa da; epaimahaiaren esanetan, “hasieratik bukaerara interesa eta emozioa transmititzen duen eta teknikoki bikaina den lana da”.

Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak; Edurne Ormazabal Azpirozek, Tabakalerako zuzendari nagusiak; Txema Pitarke de la Torrek, Elhuyarreko lehendakariak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Txema Muñoz Lopez, Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak programaren arduraduna; Nora Gonzalez Lacunza, fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Ekainaren 19an 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 20an 13:30ean ETB2n.