Skip to main content
Elhuyarren itzulpen-zerbitzuak kalitate-ziurtagiria berritu du

Elhuyarren itzulpen-zerbitzuak kalitate-ziurtagiria berritu du

2021 | Azaroak 18
Elhuyarren itzulpen-zerbitzu profesionalak EN ISO 17100:2015 kalitate-ziurtagiria berritu du. Agiri horrek ziurtatzen du Elhuyarrek berariaz zaintzen duela bezeroei ematen dien zerbitzua, bai entregatzen dituen testuen kalitateari dagokionez, bai bezeroarekiko harremanari dagokionez

2010ean eskuratu zuen Elhuyarrek lehen kalitate-ziurtagiria, UNE EN 15038, eta urtero berritu du harik eta 2016an EN ISO 17100:2015 arauaren araberako ziurtagiriak ordezkatu zuen arte. Hura ere urtero berritu du geroztik.


Elhuyarrek 20 urtetik gora daramatza itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzuak ematen (itzulpenak.elhuyar.eus). Testu teknikoetan, unibertsitaterako ikasliburuak euskaratzeko lanetan, Lanbide Heziketako gaien itzulpenetan, enpresa-gaietan eta software-lokalizazioan dago espezializatua. Publizitate-kanpainetako testuak eta bezeroei bidaltzeko dokumentuak ere itzultzen dizkie zerbitzuen sektoreko zenbait bezerori.


Elhuyarreko itzulpen-zerbitzuetako lantaldeak esperientzia handia du presazko itzulpen-lanak eta bolumen handiak eskatzen dituzten bezeroekin; beharren araberako eguneroko zerbitzu jarraitua ematen die hainbat bezerori, eta askotariko testuak itzultzen ditu hainbat hizkuntzatatik hainbat hizkuntzatara. Nagusiki euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa lantzen ditu, baina Europako hizkuntza guztietarako zerbitzua ematen du. 


Horrez gain, 2021az geroztik, Elhuyarren itzulpen-zerbitzuan azpitituluak eta transkripzioak sortzen eta itzultzen dira.
Ikus-entzunezkoekin lan egiteko teknologia propioa du Elhuyarrek, Aditu hizketa-ezagutzailea, eta zerbitzu profesionala eskaintzen du hura erabiliz.

Itzulpenflow: harreman zuzena bezeroarekin 

Elhuyarrek itzulpen-prozesuan sortzen den fluxu osoa kontrolatzen duen plataforma integral bat erabiltzen du: Itzulpenflow.


Itzulpena edo zuzenketa eskatzen denetik bezeroak behin betiko dokumentua jasotzen duenera arteko urrats guztiak kudeatzen laguntzen du: besteak beste, bezeroarekiko komunikazioa, itzulpen- eta zuzenketa-eskaeren kontrola, itzultzaileei lanak esleitzea, eta alderdi administratiboari lotutako beste izapide batzuk, esaterako, aurrekontuak eta fakturazioa. 


Bezeroak, berriz, bere eskaera guztien segimendua egin dezake plataforma horretan, eta handik deskargatu noiznahi jatorrizko testua eta itzulpena edo zuzenketa.