Skip to main content
On Zientzia sari-banaketa 2022

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dira

2022 | Ekainak 17
  • Elhuyarrek eta DIPCk hamabigarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da gaur, Tabakaleran.
  • “Argiztapen artifizial… naturala?” eta “Iruzurra” bideoek jaso dituzte sari nagusiak.
  • Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko ikasleek jaso dute Gazte Saria, “El no Nobel de Rosalind Franklin” lanarengatik.

 

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Gaur banatu dira aurtengo sariak, hamabigarrenak jada, Tabakaleran. 

Aurten 93 lan jaso dira, inoiz baino gehiago, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Kolonbiatik, Mexikotik edota Argentinatik, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv

Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Alain Sorazu, Alfredo Rodríguez, Kimberlyn Fonseca Pérez eta Morgane Goyensek osatzen duten “Lanius Animatics” ilustrazio zientifikoko taldeak irabazi du, “Argiztapen artifizial… naturala?” bideoarengatik. Epaimahaiak nabarmendu du “teknika ezberdinak oso ongi integratzen dituen animazio lan bikaina dela, eta egungo ikerketa baten berri modu argian ematen jakin duela estetika ederra erabiliz eta musika eta soinu-efektuak primeran konbinatuz”. 

Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) Joseba Zabala eta Aitziber Zurutuzak jaso dute, familian elkarlanean grabatutako ”Iruzurra” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “erabilitako animazio-teknika oso ona da, eta eskuz egindako lanaren eta edizio digitalaren konbinazioa bikaina da. Bideoaren originaltasuna eta bertan emandako azalpen sinple eta argiak nabarmentzekoak dira”.

Gazte Saria (1.000 €) Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako ikasleek jaso dute, “El no Nobel de Rosalind Franklin” lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “irudimen handiarekin, umore askorekin, talde-lanean eta baliabide propioekin egindako proiektua da, eta emakumeak zientzian ikusezinak direla erakusten duena gainera”. Bere kategorian argi eta garbi nabarmendu den bideoa da, eta epaimahaiak aho batez saritu du.

Halaber, epaimahaiak bi aipamen berezi eman ditu aurten. Lehenengoa Nuria Gordillo García fisikan doktoreak eta ikertzaileak jaso du, “Partículas celtíberas” lanarengatik. Epaimahaiaren esanetan, “teknikoki bikaina den ikus-entzunezko pieza da, gidoia eta historia oso originalak ditu, eta oso proiektu landua du egungo ikerketa teknika baten berri emateko”. Bigarren aipamen berezia Tatiana Cazorla Cabezas eta Esteban Melchor Gómez-Gordo astrofisikarientzat izan da, “¿De qué están hechas las estrellas?” lanarengatik. “Oinarrizko kontzeptuak oso argi azaltzeko gai da, eta gidoia eta grafikoak oso modu eraginkorrean erabiltzen ditu, apaltasunean oinarritutako dibulgazio-lan indartsu bat lortuz”, epaimahaiak azaldu duenez.

Epaimahaiaren sariez gain, www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jaso dituen “La droga del siglo XXI” bideoak irabazi du publikoaren saria: Gijongo (Asturias) Doña Jimena ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleek garaikurra eta Donostiako hotel batean bi lagunentzako gaua eskuratu dute.

Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Willy Roa Zubia, dibulgatzailea, irrati-esataria eta ilustrazio zientifikoko irakaslea; Nora Gonzalez Lakunza, fisikan doktorea eta DIPCko dibulgazio eta komunikazio-zuzendaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Ekainaren 25ean 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 26an 12:10ean ETB2n.