Skip to main content
Irati Lizeaga, Elhuyarreko lankidea

Euskara Oarsoaldeko lan-munduan, lehen eta orain

2023 | Azaroak 14
  • Irati Lizeaga Elhuyarreko lankideak euskararen egoera aztertu du Oarsoaldeko lan-munduan.
  • Bailarako erakunde pribatu zein publikoetako hizkuntza-egoeraren argazki orokor bat egitea izan da ikerketaren helburu nagusia. 
  • Ikerketari buruzko artikulua Bat Soziolinguistika Aldizkarian argitaratu da.

Irati Lizeaga, Elhuyarreko lankidea, Oarsoaldean bizi da, eskualdeko lan-munduan euskara eta beste hizkuntzak nola dauden jakiteko ikerketa egin du, honako galdera hauei erantzunez: zer faktorek eragiten dute lan-munduko hizkuntzen erabileran? Osasuntsu al dago euskara Oarsoaldeko lan-munduan? Zaintzen al da bezeroaren/erabiltzailearen hizkuntza? Zer aukera dute inguruko gazteek eskualdean euskaraz laneratzeko? Aldatu al da egoera azken urteotan?

Bi ardatzetan egituratu du lana: batetik, eskualdeko hainbat eragilerekin elkartu eta urteetan zehar euskararen normalizaziorako antolatutako ekimenen berri jaso du; bestetik, Oarsoaldeko langile eta biztanleen lantokietako hizkuntza-egoera jaso du, galdetegi baten bitartez. Galdetegi horren bitartez 8.000 datu baino gehiago jaso eta sexu/generoaren, adinaren, udalerriaren eta sektore ekonomikoaren arabera sailkatu ditu. 

Aipatzekoa da euskararen normalizaziorako ekimenen artean, Elhuyarrek 2003-2004. urteen artean diseinatutako OLA Planean jasotako datuak baliatu dituela, galdetegiaren bidez jasotako gaur egungo datuekin alderatzeko. Horrela, Oarsoaldeko entitateetan euskarak azken 20 urteotan izan duen bilakaera aztertu ahal izan du. 

Zein izan da emaitza? Bada, oro har, 20 urte hauetan, euskararen presentziak gora egin du erakundeetan, baina batez ere bi alderditan: hizkuntza-paisaian eta kanpo-harremanetan. Errotulazioa da nabarmen gehien landu den aspektua, emaitza onenak bertan baitaude: % 28 euskaraz edo bietara egotetik % 77.

Emaitza hori estuki lotuta egongo da, ziur aski, eskualdeko udalek errotulazioa itzultzeko urte luzez eman dituzten eta ematen dituzten dirulaguntzekin. 

Aurrera begirako gakoak ere zehaztu ditu ikerketaren amaieran. Zein dira? Lehenik eta behin, langileen euskara-gaitasuna indartuko duten plan eta ekimenak behar dira, batik bat, Industrian, Merkataritzan eta Ostalaritzan. Datuak ikusirik, hizkuntza- paisaian euskara bermatzeko lana egin dela nabarmena da, eskualdeko udalak aspalditik ari baitira lan horretarako laguntzak ematen. Hala eta guztiz ere, dokumentazioan eta idatzizko harremanetan euskararen presentzia areagotzeko lanketa egiteko beharra dago, kanpo- eta barne-mailan. 

Oarsoaldeko entitateetan azken 20 urte hauetan euskarak izandako bilakaera ikusirik, ondoriozta daiteke bezeroarekiko harremanetan landu dutela nagusiki euskararen kudeaketa, izan ere, barne-harremanetan langile askok ez dute euren lantokietan euskararik erabiltzen, erdara da euren lan-hizkuntza. 

Amaitzeko, Lizeagak nabarmendu du kanpo-harremanetako ikuspegiarekin apurtu eta barne-mailan euskaraz hitz egiteko baliabideak eta guneak behar dituztela langileek, lantokietan euskararen erabilera ez dadin atseden-guneetako denborara mugatu.