Skip to main content
COVID-19aren osteko gizartea izango du hizpide "Elhuyar solasaldiak" hitzaldi-zikloak

COVID-19aren osteko gizartea izango du hizpide "Elhuyar solasaldiak" hitzaldi-zikloak

2021 | Martxoak 24
  • Hitzaldiak apirilaren 14tik maiatzaren 12ra izango dira, asteazkenero, Usurbilgo Sutegin eta steaming bidez arratsaldeko 18:30ean.
  • Solasgai huek izango dira hitzaldien ardatz: COVID-19aren testuingurua, zaintza, pentsamendu kritikoa, ekonomiaren eraikuntza ekologikoa eta adimen artifiziala hizkuntzan.

Pandemiak gizartearen hainbat arlotan izan duen eragina gizarteratzeko xedez, “Elhuyar solasaldiak” hitzaldi-zikloa antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek elkarlanean. Ekimenaren aurkezpena gaur egin da, Usurbilgo Potxoenea Kultura Etxean. Bertan izan dira Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, eta Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia unitateko koordinatzailea. 

Zientzia herritarrengana hurbiltzeko Elhuyarrek abian jarritako Zientziakide egitasmoaren barnean kokatu behar da hitzaldi-zikloa. Zientziakideren xedea da herritarren parte-hartzea bultzatu eta gizartea zientziara gehiago gerturatzea, eta ikerketa eta berrikuntza arduratsuaren (RRI ingelesez, Responsible Research and Innovation). Zientziakidek, beraz, euskal zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko zubi-lana egin nahi du, eta “Elhuyar Solasaldiak” ekimenak horretan sakondu nahi du.

Horretarako, 5 solasaldi antolatu dira, 5 asteazkenetan gauzatuko direnak, 18:30ean Sutegi kultura etxean; streaming bidez jarraitu ahal izango dira usurbilkultura.eus eta zientzia.eus atarietan. Hitzaldiak doakoka izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera-mugak direla eta.

COVID-19a eta haren eraginak izango dira hitzaldietako mintzagai nagusiak, baina ez bakarrak. Hala, lehenengo hitzaldian, apirilaren 14an, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak “COVID-19aren korapiloak deslotzen” hitzaldia emango du, pandemiari eta txertoei hainbat ikuspegi eta ertzetik begiratuz.

Bigarren hitzaldian, apirilaren 21ean, Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.

Hirugarren solasaldian, apirilaren 28an, Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

Laugarren saioan, maiatzaren 5ean, COVID-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialariK baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.

Azken hitzaldian, maiatzaren 12an, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.

Usurbilgo Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetza

Usurbilgo Udala Elhuyarreko bazkidea da, eta patronatuko kidea. Ez da berria, beraz, bi erakundeen arteko lankidetza eta harremana. Elkarlan horrek, besteak beste, euskararen normalkuntza eta zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen aldeko lana sustatzea ditu xede. Urterik urte, bi erakundeen artean zehazten da jarduera-programa batean, lankidetza hori zer proiektu jakinetan gauzatuko den. Hala, aipatzekoak dira, besteren artean, Harria Hitz ibilbiderako lankidetza (Elhuyarrek Usurbilgo kultura ondarea ezagutzeko ibilbidea modu irisgarrian egiteko teknologia jarri zuen), edota Pelaioenea eraikina Emakumeen etxe gisa definitzeko prozesua bideratu izana elkarrekin.

COVID-19ak herritarren artean zientziaren ezagutza zabaltzeko beharra inoiz baino ageriago jarri duen garaiotan, lankidetza esparru hori solasaldi-sorta baten bidez gauzatuko dute Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek. Gizarte kritiko, aktibo eta berdinzalea lortzeko egiten du lan, besteak beste, Elhuyarrek, eta helburu horiek bere ditu, era berean, Usurbilgo Udalak.

Bestalde, bi erakundeontzat, lankidetza ezinbestekoa da euren jardunean: Usurbilgo Udala eragile ugarirekin jarduten da herriko kultura eskaintza osatzen, eta herritarren ahaleginarekin osatzen da herriko kultura agenda. Elhuyar ere Usurbilen kokatua dagoen erakundea izanik, programa horretako parte ere bada. Elhuyarrentzat, era berean, lankidetzan jardutea da ohiko bidea, eta egitasmo ugari garatzen ditu bestelako eragileekin elkarlanean; nolanahi ere,  Usurbilgo Udalarekiko lankidetza bereziagoa da, arestian aipatu bezala patronatuko kide den neurrian.