
Asteburu honetan hasiko da TEKNOPOLISen 25. denboraldia
- Irudi berriarekin eta zientzia-gaiei heltzeko gogoz dator zientzia eta teknologiari buruzko saioa bere 25. denboraldian
- Larunbatetan izango da ETB1en, 13:30ean, eta igandeetan ETB2n, 12:15ean
Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko saioaren 25. denboraldia Elhuyarren egoitzan, Usurbilen. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da, ordutegi honetan: larunbatean 13:30ean ETB1en eta igandean 12:15ean ETB2n.
25. denboraldi honetan, irudi berriarekin dator Teknopolis, eta, aurreko denboraldi guztietan egin duen moduan, honetan ere ikusleak zientziara gerturatu nahi ditu. Astero 30 minutu interesgarri eskaini nahi dizkie ikusleei, Euskal Herriko bertako zein munduko beste txoko batzuetako gaiekin. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.
Leturiak prentsaurrekoan azaldu duenez, “irudi berriak Teknopolisen intentzioa ere erakusten du. Izan ere, irudi garbia eta zehatza da lehenengo begiratuan ikusten dena, baina helburu bat ere badu: informazioa argi ematen laguntzea”. Telebista irudia eta soinua da, eta baliabide horiek ongi erabiliz gero zientziaz aritzea errazagoa dela nabarmendu du Leturiak; hain zuzen ere, zientzia-gaiak bereziki esker onekoak direla baliabide egokiak erabiltzen direnean.
Teknopolisen denboraldi berrian ikusiko ditugun gaien artean laborategiak, olatuak, ekosistemak eta etorkizuneko elikadura aipatu ditu, besteak beste, Leturiak. Eta horien artean badela lotzen dituen egoera bat: klima-larrialdia. “Norbanakook ezin diogu iskin egin, eta Teknopolisen kasuan azkenaldian ohartzen hasiak ginen ia gai guztietan agertzen zitzaigula. Bada, gure erantzukizuna ere bada klima-larrialdiari buruzko informazio zehatza eta zorrotza ematea eta aditzera ematea zenbateraino eragiten duen aldaketa global horrek”.
Aurkezpena Elhuyarren egoitzan egin da, Usurbilen. Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendariak adierazi du 25 urtetan zehar Teknopolis erreferente bihurtu dela zientzia, teknologia eta berrikuntzaren zabalkundean. “Hainbeste urtez bizirik irauten duen programa batek agerian uzten du gure gizarteak interesa duela zientziarekiko eta teknologiarekiko. Teknopolis euskal zientziaren eta mundu mailako zientziaren leihoa da, eta astebururo azken lan eta aurrerapen zientifiko eta teknologikoen berri ematen digu, denontzat eskuragarriago eginez”.
Gorka García Peral ETBko Programa eta Arte zuzendariak, besteak beste, Teknopolisen aitzindaritzan jarri du azpimarra, eta saioa zientzia-gaien ikus-entzunezko leiho nagusia dela gaineratu du. Halaber, Batzen gaituzten emozioak EITBren leloa gogoratuz, esan du EITBk emozioen bilgune izan nahi duela. Ildo horretatik, erantsi du Teknopolisek asmatu duela euskal, ikus-entzuleen jakin-mina modu ikusgarri, erakargarri eta zehatzean asetzeaz gainera, zirrara eta emozioak eragiten “programan landutako erreportajeekin eta elkarrizketatuen lekukotzekin”.
Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak, bestalde, esan du urte berezia dela hau Elhuyarrentzat. “50. urteurrena ospatzen ari gara, eta Teknopolisek berak ere 25. denboraldia du aurtengoa. 50 urte zientziaren zabalkundean, euskara ardatz, Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera”. Abrilek gogoratu du hasiera-hasieratik komunitatea eraikitzea izan duela Elhuyarrek xede nagusitzat, eta Teknopolis saioak berak ere hori biltzen duela. “Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleiho aparta izateaz gain, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa eraikitzeko egiten dugu lan”. 50 urteko ibilbidea arrakastaz bete ahal izateko “sarean lan egitea eta elkarlana bultzatzea ezinbestekoak” izan direla gogorarazi du, eta erakundearen zutabe nagusietakoa izaten jarraitzen duela gogoratu du. “Hau ezin dugu guk bakarrik egin. Komunitate oso baten laguntza beharrezkoa da: babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak, eta, jakina, zientzia-edukiak kontsumitzen dituzten herritarrak”.
Bukatzeko, Abrilek Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie Teknopolisen edizio berrian babesle eta lankide diren erakunde guztiei, saioari emandako laguntzagatik: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Energiaren Euskal Erakundea eta BRTA.