
98 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
- Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko eguna ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek.
- Bihartik otsailaren 25era arte emakume ikertzaileen irudiak egongo dira ikusgai Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako hainbat erakusleihotan.
- Eureka! Zientzia Museoan, berriz, zientzia eta teknologiaren arloko 12 emakumeren erakusketa egongo da ikusgai martxoaren 13ra arte.
Bihar, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako 98 saltokik parte hartuko dute.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Ekimen hau Bizilaberen barruan kokatzen da, hau da gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan, eta Elhuyarrek antolatu du, Bilboko, Elgoibarreko, Tolosako, Ibarrako, Villabonako eta Donostiako udal eta garapen agentziekin, eta tokian tokiko merkatari-elkarteekin elkarlanean.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, erakusketa bat egongo da zabalik Eureka! Zientzia Museoan martxoaren 13 arte, zientzia- eta teknologia-arloko 12 emakume omentzeko. Erakusketarekin batera, familientzako esperimentuak antolatuko dira emakume horien omenez otsailaren 12an eta 13an Eureka Zientzia Museoan bertan.
STEAM hezkuntzaren bitartez, urte osoan egiten du lan Elhuyarrek neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jartzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste oker eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 12-13ko asteburuan ETB-1en eta ETB-2n; besteak beste, Ana Zubiaga Genetikan katedraduna eta Arrate Alonso telekomunikazio-ingeniaria elkarrizketatuko dituzte saioan. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi otsailaren 11ko saioan. Eta otsailaren 17an, Ana Galarraga Elhuyarreko kideak Itziar Garate Lopez astrofisikaria elkarrizketatuko du Donostia Kulturak eta Elhuyarrek Ernest Lluch Kultur Etxean antolatutako ekitaldian.
Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko eguna ospatzeko, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu hainbat erakunderekin: CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa CFM (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, Ceit, LORTEK, Euskadiko Parke Tekonologikoak, EHUko Kimika fakultatea, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza eskola, EHUko Informatika Fakultatea, Eureka Zientzia Museoa, Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) eta POLYMAT. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: emakumeak zientzian programa eta ekintzak