Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

EkoLinguA solas-jokoa, aurkeztu berria

2015.04.22-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

 

Gaur aurkeztu da, Donostiako Miramar Jauregian, EkoLinguA solas-jokoa, 2012tik 2014ra bitartean hainbat erakundek elkarlanean garatu duten DiKomA (Diskurtsoa-Komunitatea-Ahalduntzea) proiektuaren emaitza. Soziolinguistikako Clusterra eta Eusko Ikaskuntza izan dira proiektuaren sustatzaile nagusiak, eta erakunde hauek izan dituzte bidelagun: Elhuyar, UPV/EHU; Bermeo, Errenteria, Oñati eta Zumaiako udalerriak, HUHEZI, Topagunea, UEMA eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

DiKomA proiektuaren helburua hau da: hizkuntza-komunitatea trinkotzea eta ahalduntzea, eta, horretarako, hizkuntza-ekologian oinarrituriko diskurtsoa lantzea herritarrekin. EkoLinguA (Ekologia Linguistikoaren bidezko hizkuntza-komunitatearen Ahalduntzea) solas-jokoa izan da, hain zuzen ere, horretarako sortutako baliabidea. Play & Decide metodologia du oinarri jokoak: taldeka antolatuta, hizkuntza biziberritzeko funtsezko kontzeptuak, argibideak, galderak eta erronkak lantzen dituzte parte-hartzaileek, eta haiez jabetu. Eztabaidarako eta gogoeta kolektibo sakonerako aukera bikaina da EkoLinguA.

Orain arte lau udalerritan erabili da EkoLinguA (Bermeo, Errenteria, Oñati eta Zumaia), ikerketa-proiektuko proba pilotu moduan. Aurrerantzean, berriz, jokoa eta hura aplikatzeko gida metodologikoa erabilera librekoak izango direnez, edonoren esku egongo dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz.