Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanek aitortza jaso dute CAF-Elhuyar sarietan

2017.05.12-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Gorka Azkune Galparsoro, Josu Doncel Vicente eta Mikel Etxeberria Okariz ikertzaileak, eta Xabier Monasterio Torre kazetaria izan dira sarituak.

  • Armintxe Animazio Taldeak jaso du beka, “Armintxe 2017” proiektua garatzeko; eta M. Jesus Esteban Galarza matematikariarentzat izan da Merezimendu Saria.

  • Guztira, 60 lan aztertu dira sariketan; eta parte-hartzaileen erdiak emakumezkoak dira, eta, beste erdiak, gizonezkoak.

Usurbilen, 2017ko maiatzaren 12an

Saritu guztiak. Arg.: Iñigo Ibañez.

Gaur izan da Caf-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Sariketaren helburua da zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea eta xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzea.

Guztira, 60 lan aztertu dituzte epaimahaikideek, eta, haietatik, hauek izan dira saritutako lanak, kategoriaren arabera:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Gorka Azkune Galparsorok irabazi du, adimen artifizialari buruzko artikulu batekin: “Intuizioaren bide ilunak argitzen”. Azkunek (Azpeitia, 1982) iaz aurkeztu zuen adimen artifizialari buruzko tesia, eta, gaur egun, DeustoTech Institutuan ari da ikertzaile, arlo berean esparruko ikerketetan sakontzen.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Josu Doncel Vicentek eskuratu du, “Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak” lanarekin. Doncel (Getxo, 1985) Matematikan doktore da, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago. Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika Saileko irakaslea da gaur egun.

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2016an euskaraz sortu eta argitaratutako lan bat saritu da. Xabier Monasterio Torre irrati-esataria izan da saritua, “Minbizia eta beronen metastasia” izeneko piezarengatik. Monasterio (Bilbo, 1959) idazlea eta itzultzailea da, eta Bilbo Hiria irratian aritzen da esatari-lanetan.

 Aurten, gainera, kategoria horietan, sari berri bat izan da lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat: NEIKER-Tecnalia saria. Mikel Etxeberria Okarizek irabazi du sari hori, “Udara bat ardiekin, senari jarraika” artikuluarekin. Etxeberria (Beasain, 1994) biologoa da, eta, gaur egun, Madrilen ari da Ekologiako Masterra ikasten. Dibulgazioan ere aritzen da, EuskalNatura blogean idazten baitu 2016az geroztik.

Guztiek ere 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen dute Caf-Elhuyar sariek, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan,  Armintxe Animazio Taldeak irabazi du, “Armintxe 2017” izeneko proiektuarekin. Armintxe Animazio Taldea Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osatzen dute, eta animazio-lanak egiten dituzte. Horren erakusgarri da “Beti bezperako koplak” film laburra (Kimuak).

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Maria Jesus Esteban Galarzari ematea erabaki du.

Alonsotegin (Bizkaia, 1956) jaioa da, baina urteak daramatza Parisen. EHUn lizentziatu zen Matematikan, eta aitzindari izan zen euskara erabiltzen arlo horretan. Segidan, Parisera joan zen, eta han egin zuen doktore-tesia. 1981etik, Frantziako Ikerketa Zentroko ikertzaile da, eta Europako Matematika Elkarteko Matematika Aplikatuaren Batzordeko buru izan da. Izendapen ugari jaso ditu; berriki, ICIAM Matematika Industrial eta Aplikaturako Nazioarteko Kontseiluko lehendakari izendatu dute.


Maria Jesus Esteban Galarzak Elhuyarren Merezimendu Saria jaso du.  Arg.: Iñigo Ibañez.

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen  proiektuaren emaitza erakutsi du egileak, Enrike Hurtado Mendietak: “Txalaparta digitala eta interaktiboa”.

Bertaratutakoen artean, saridunez eta haien lagun eta senideez gain, epaimahaikideak eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Arantxa Tapia Otaegi, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Miren Dobaran Urrutia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea; Miren Elgarresta Larrabide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendaria; Antton Tomasena Rodriguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko zuzendari nagusia; eta Iñaki Alegria Loinaz, UEUko zuzendaria.

Epaimahaikideak, berriz, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria; eta Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna.

Lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER-Tecnalia sarian, Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Berrikuntza Unitateko Arduradunak egin ditu epaile-lanak.

Azkenik, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, honako hauek epaitu dituzte: Maria Gil Rodriguez, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria eta Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
Tfnoa: 943 363040 luzp.: 313 / 663339569