Skip to main content
Teknopolis_aurkezpena_29

Osasun-gaiei arreta berezia eskainiko die Teknopolisek denboraldi honetan

2026 | Irailak 22
  • Asteburu honetan hasiko da Teknopolisen 29. denboraldia, garrantzi berezia emanez osasunaren inguruko gaiei.
  • Larunbatetan izango da ETB1en, 13:30ean, eta igandeetan ETB2n, 12:15ean.
     

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programaren 29. denboraldia, EHUko Gipuzkoako Campuseko Liburutegi nagusian — Carlos Santamaría Zentroa—, Donostian. Han izan dira Amaia Esquisabel Alegria  Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria, Agustin Ezenarro Zumeta ETBko Programa arloko burua, Edurne Gaston Estanga Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en, eta igandeetan 12:15ean ETB2n.

Denboraldi honetan ere toki eta gai interesgarrietan barrena eramango ditu ikusleak Teknopolisek, eta gizartean jakin-mina pizten duten gaiei begiratzeko asmoz dator, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Denboraldi berri honetan, garrantzi berezia hartuko dute osasunaren inguruko gaiek. Medikuntzaren eta ikerkuntzaren ekarpen zientifikoaz gain, gaixotasunak zuzen-zuzenean bizi dituzten pazienteen lekukotzak ere jasoko dituzte. Transplanteak egiteko teknika berritzaileak, minbiziaren aurkako punta-puntako tratamenduak, elikaduraren joerak... Teknologiak ere ez du lekurik galdu programan, eta denboraldiko lehen saioak belaunaldi berriko robotikaz eta Euskal Herriko industria aeronautikoaz arituko dira. Bestetik, klima-aldaketaren ondorioei ere erreparatuko die Teknopolisek, eta, besteak beste, erakutsiko du nola astinduko duen euskal kostaldea itsas mailaren igoerak, eta gure hirien metabolismoa ere aztertuko du.

Irailaren 26an hasiko den denboraldi honetan ere Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendaria, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre.

Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetako bi dira Elhuyar eta Teknopolis saioa bera. Hasiera-hasieratik, komunitatea eraikitzea izan du xede nagusi Elhuyarrek, eta horixe bera bilatzen du Teknopolis saioak ere. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrengan pentsamendu kritikoa sustatzeko egiten du lan. Eta komunitate oso baten laguntza du horretarako: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-gaietan interesa duten herritarrak. 

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tknika Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.