Skip to main content
Maddi Etxebarria Bilbao izango da Elhuyarreko koordinatzaile nagusi berria

Maddi Etxebarria Bilbao izango da Elhuyarreko koordinatzaile nagusi berria

2026 | Urriak 22
  • Elhuyarreko kidea da Maddi Etxebarria Bilbao 1999az geroztik. Koordinazio-lanetan aritu da, eta zuzendaritzako kidea ere izan da; azkenaldian, euskararen alorrean aritu da lanean.
  • Euskal gizarteak aurrean dituen erronkei adi jarraituko die Elhuyarrek aurrerantzean.
     

Elhuyar fundazioaren patronatuak aho batez izendatu zuen atzo Maddi Etxebarria Bilbao Elhuyarreko koordinatzaile nagusi. Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartuko du Etxebarriak, hark, ezbehar bat tarteko, kargua uztea erabaki baitu. 

Maddi Etxebarria Bilbao, 1971n Gernikan jaioa, Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da (Euskal Herriko Unibertsitatea). 1999az geroztik, Elhuyarren aritu da lanean: azken urteetan, euskararen alorreko aholkularitzako teknikari-lanetan, eta, aurretik, koordinazio-lanetan. Zuzendaritzako kidea ere izan da.

Euskararen alorrean, euskalgintzako hainbat erakundetan ordezkatu du Elhuyar, hala nola Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritzan eta Soziolinguistika Klusterrean. Irakasle ere aritu da EHUko Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean: hizkuntzen kudeaketa aro globalean izeneko aditu-tituluan eta UEUk antolatutako Euskara eta digitalitatea graduondokoan. Hainbat hitzaldi eta argitalpen ere eginak ditu; batez ere, euskara lan-munduan txertatzeko gaiei buruz. Horretaz gain, talde-gidaritzan eta -estrategian esperientzia eta formazio zabala du.

Euskal gizartearen erronkei adi egoteko beharra

Maddi Etxebarria Bilbaoren izendapenarekin, Elhuyarrek euskal gizarteak dituen erronkei erantzuten jarraitu nahi du, euskaratik gizarte kritiko, aktibo eta berdinzaleagoa eraikitzeko. Euskara erdigunean jarri nahi du, euskara alor eta sektore gehiagotara zabaltzeko eta euskararen esperientzia beste hizkuntza gutxiagotu batzuetara hedatzeko. Gainera, adimen artifizialaren aroan euskara lehen mailan kokatzeko lanetan jarraituko du, arreta jarriz erabilera arduratsuan. 

Elhuyarrek erreferentzia izaten jarraitu nahi du kultura zientifikoaren euskarazko zabalpenean, zientziaren alorreko eragileekin elkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan.

Hori guztia egiteko, Elhuyarrek ohiko bideari jarraituko dio: eraldaketa soziala jomugan, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriko ditu eta askotariko eragileekin elkarlanean jardungo du. Izan ere, sinetsita dago, gizarteak gaur egun dituen erronken aurrean, ikuspegi kritikoa eta berdinzalea gero eta beharrezkoagoak direla.