"Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko" liburuxka argitaratu du Elhuyarrek
- Euskal Herriko zenbait adituren arteko lanketaren emaitza da, Elhuyarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren babesarekin egindakoa.
- Ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik irakasleei zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzea da liburuxkaren helburua.
- Liburuxka zientzia.eus webgunean deskargatu daiteke, euskaraz zein gaztelaniaz.
Gazteek jasangarritasuna ikasgelan lantzeko, Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko liburuxka kaleratu du Elhuyarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin. Liburuxka honek zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzen dizkie irakasleei, ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik. Hezkuntza-komunitatea inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak eskaini nahi ditu. Izan ere, gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko dute ingurumen-larrialdiari aurre egiteko. Horregatik, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima-larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta.
Elhuyarren “2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuaren emaitza da liburuxka. Proiektu horren barruan, zenbait adituren arteko topaketak antolatu ditu, jasangarritasunaz, ingurumen-larrialdiaz eta hezkuntzaz eztabaidatzeko, eta, gerora, topaketa horietan egindako hausnarketa eta lanketen ondorioz sortutako edukiak bilduta osatu da liburuxka.
Liburuxka azalpen-testuez eta Pernan Goñiren ilustrazioez osatuta dago, eta bi atal nagusi ditu: lehenengo atalean, jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko 20 ideia gako aurkezten dira; bigarren atalean, aldiz, ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarri daude, jasangarritasuna lantzeko. Proiektuen bidez, honelako galderei erantzun behar diete ikasleek: auto jakin batean 100 km egiteko behar den energiarekin, zenbat ogi egin daitezke? Nondik galtzen du energia gure ikastetxeak? Jasangarria da soinean jantzita daukaguna? Zer plastiko-motak kutsatzen dituzte hondartzak?...
Liburuxkaren eta jasangarritasunerako edukien zabalkundea
Gaurtik aurrera, Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko liburuxka deskargatzeko moduan dago https://zientzia.eus/steam/ webguneko “Liburuxkak” atalean, euskaraz zein gaztelaniaz.
Deskargatzeko esteka: https://zientzia.eus/media/pdf_alea/Elhuyar-JASANGARRITASUNA-GazteakInspi.pdf
Horrez gain, datozen hilabeteetan liburuxkako edukiaren zabalkundea egingo du Elhuyarrek. Horretarako, Pernan Goñik ilustratutako komiki-zintak argitaratuko dira Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko STEAM hezkuntza atalean (zientzia.eus/steam). Gainera, proiektuan parte hartu duten adituei egindako elkarrizketak argitaratuko dira, haien ikerketa-proiektuak ezagutzeko eta gazteentzat egindako proiektu-proposamenen inguruan sakontzeko.
Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.