Skip to main content
EZA_Tolosa

Gazteek ikasturtean landutako 23 proiektu ikusgai egon dira Tolosan, “Elhuyar Zientzia Azoka | STEAM Gipuzkoa” azokaren lehen edizioan

2023 | Maiatzak 04
  • Gaur, lehenengo aldiz, Gipuzkoan egin da Elhuyar Zientzia Azoka; Tolosako Alondegia plazan izan da, Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak antolatuta.
  • Gipuzkoako DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 10 ikastetxetako 100 gaztek urtean zehar landutako proiektuak aurkeztu dituzte. 
  • Asteasuko Algaloop enpresak bere ikerketa eta berrikuntzaren adierazgarriak ikusgai izan ditu azokan.

 

Gaur goizean, lehenengo aldiz, ‘Elhuyar Zientzia Azoka│STEAM Gipuzkoa’ egin da. Tolosako Alondegia plazan,  Gipuzkoako ikastetxeetako gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute. Azoka goizeko 10:30ean ireki da zinta mozteko ekitaldiarekin. Gazteak arduratu dira zinta mozteaz, eta, eurekin batera, azoka antolatu, babestu eta laguntzen duten erakundeen ordezkariak izan dira: Ander Aizpuru Susperregui, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Saileko arduraduna; Jokin Bildarratz Sorron , Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua; Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea; eta Iker Urruzola Aizpurua, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria. Irekiera-ekitaldia ordezkari guztiak azokatik egin duten ibilaldiarekin osatu da.

Goizean zehar, 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 23 proiektu erakutsi dituzte Tolosako Alondegia plazan. Guztira, 100 gazte izan dira, haietatik 65 neska (% 65) eta 35 mutil (% 35). Gazteak Gipuzkoako 10 ikastetxe hauetatik etorri dira: Alegiako Aralar BHI, Amasa-Villabonako Erniobea BHI, Beasaingo La Salle, Hondarribiko Talaia BHI, Lasarte-Oriako Oriarte BHI eta Tolosako Herrikide ikastetxea, Orixe BHI, Tolosaldea LHII eta eskolaz kanpoko Tolosaldeko ZTIAM eskola. Ikastetxeekin batera, Asteasuko Algaloop enpresak bere ikerketa eta berrikuntzaren adierazgarriak izan ditu ikusgai azokan. 

‘Elhuyar Zientzia Azoka│STEAM Gipuzkoa’ azoka Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin eta Tolosako Udalaren  eta Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin. Aurten lehenengo aldiz Gipuzkoan egin den azoka hau gazteek garatutako proiektuen erakusketa bat da; ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen die gazteei, eta Gipuzkoako DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteek hartzen dute parte. Azokaren helburu nagusia da zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika (STEAM, ingelesez) herritarrei gerturatzea, gazteen artean bai STEAM konpetentziak bai zeharkako konpetentziak garatzea (komunikazioa, sormena, berrikuntza, talde-lana etab.) eta gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea. 

Tolosan egin den azoka ikasturtean egindako lanaren amaiera da. Ikasturtean zehar Gipuzkoan 18 ikastetxek eta 357 gaztek parte hartu dute prozesuan, haietatik 171 neska ( % 48) eta 186 mutil (% 52). Azpimarratzekoa da, halaber, bide horretan Euskal Herriko ikertzaileek parte hartzen dutela mentore gisa, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzeko eta haiek inspiratzeko,

Gaur egin den ‘Elhuyar Zientzia Azoka│STEAM Gipuzkoa’ Elhuyar Zientzia Azoka sarean kokatzen da. Sarea apirilean egin ziren Kanboko Xalbador kolegioko azokak eta ‘Elhuyar Zientzia Azoka│Nafarroa Teknozientzia’ azokak osatzen dute, eta guztiak Bilboko Areatzan, ekainaren 2an, 3an eta 4an, egingo den Elhuyar Zientzia Azokan barneratzen dira; aurtengoa 11. edizioa izango da.

Antolatzaileak: Elhuyar eta Kutxa Fundazioa
Babeslea: Eusko Jaurlaritza
Laguntzailea: Tolosako Udala eta Tolosaldea Garatzen