Elhuyarrek 6 hitz-jolas sortu ditu gure euskara aberasteko
- Sei jolasak Elhuyar Hiztegiaren atarian txertatu dira, eta, haiekin, erabiltzaileek euskararekin modu atsegin eta dibertigarrian jolasteko aukera dute.
- Hitz-jolasak mota askotako erabiltzaileei zuzenduta daude: ikasle, irakasle eta profesionalei, euskara ikasten ari direnei nahiz hitzekin jolastea gustuko dutenei.
Elhuyarrek sei hitz-jolas jarri ditu martxan jolasen bidez euskara aberasteko. Hitzekin jolasteak euren hiztegia osatzeko eta hitzen inguruko informazio osagarria izateko aukera emango die erabiltzaileei. Hitz-jolasak Elhuyar Hiztegiaren webgunean txertatu dira, eta gaurtik aurrera erabiltzaileek aukera izango dute euskara modu ludiko eta entretenigarrian lantzeko. Jolasak mota askotako erabiltzaileei zuzenduta daude: egunerokoan euskaraz aritzen direnei, ikasle, irakasle eta profesionalei, euskara ikasten ari direnei zein, besterik gabe, hitzekin jolastea gustuko dutenei.
Jolas hauek daude aukeran: Hitz-katea, Anagrama, Urkatua, Hitzak konektatu, Asmatu hitza eta Hitza ezabatu. Jolas bakoitzean modu librean edo lehiaketa-moduan aritzeko aukera izango da. Horietako batzuetan, gainera, bertsio erraza edo zaila aukeratu ahal izango da. Asmatu beharreko hitz guztiak Elhuyar Hiztegian daude. Gainera, nahi duten erabiltzaileek izena eman eta sailkapenean parte hartu ahal izango dute, beste jokalariekin lehiatzeko. Horretaz gain, «Gaurko jolasa» izeneko aukera bat ere egongo da: egunero, sei jolasetako bat egongo da erabilgarri, eta parte-hartzaile guztiek baldintza beretan jolastu ahal izango dute, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko.

Hitz-jolas berriak Elhuyar Hiztegiaren webgunean egongo dira eskuragarri (https://hiztegiak.elhuyar.eus/jolasa), eta baita mugikorretarako aplikazioan ere. Horrela, erabiltzaileek edozein unetan eta edozein lekutatik izango dute hitzekin jolasteko aukera.
Entretenimendua eta ikasketa uztartzeko aukera
Jolasetan erabiltzen diren hitz guztiak Elhuyar Hiztegitik hartuak dira, eta erabiltzaileek edozein unetan kontsultatu ahal izango dituzte hiztegiko sarrerak, hitzen esanahiak, erabilerak eta bestelako informazioa ikusteko. Horrela, entretenimendua eta ikasketa uztartzen dira, eta jolasean sortzen diren zalantzak argitzeko eta hitz berriak ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Elhuyarrek gizartearekin eta kalitatezko euskara erabiltzearekin duen konpromisoaren emaitza da egitasmo hau. Izan ere, Elhuyar Hiztegia erreferentziazko gune bat da erabiltzaileentzat, euskara hobetzeko, euskaraz trebatzeko eta euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dituen gune bat. Asmo horretan irmo jarraitzen du Elhuyarrek.