
Elhuyar Zientzia hedabide digitalak urtebete egin du
- Zientzia eta teknologiako hedabide digitalak urtebete egin du, eta 500.000 erabiltzaile baino gehiago ditu.
- Hedabide digitala komunikazio zientifikoko proiektu sendo gisa finkatu da.
- Elhuyar Zientzia hedabide digitala euskaraz sortzen da, bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita.
Duela urtebete sortu zen Elhuyar Zientzia hedabide digitala. Hedabideen etengabeko aldaketei eta eraldaketa digitalari egokitzeko beharraren aurrean sortu zen. Zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketak mundua eraldatzeko gaitasuna duela ikusiz eta informazioaren gizartean bizi garela kontuan izanik.
Ordutik, Elhuyar Zientzia hedabide digitala komunikazio zientifikoko proiektu sendo gisa finkatu da. Egun 534.000 erabiltzaile ditu, gazte zein heldu, eta emakumeak gizonak baino gehiago. Edukiei dagokienez, osasuna da gai nagusia, erabiltzaileek gehien kontsultatzen duten gaia; jarraian, giza zientziak, berdintasuna eta biologia. Atalka, berriz, albisteen atalak sortzen du erabiltzaileen artean interes handiena, atzetik dituela bideoak, podcastak, elkarrizketak, iritziak… Eta erabiltzaile gehienak mahai gaineko ordenagailuaz baliatzen dira hedabidea bisitatzeko: % 90.
Aipatzekoa da, era berean, erreferentziazko hainbat zientzialari eta teknologok hartu dutela parte iritziaren atalean, artikulugile izan baitira, besteak beste: Mirene Begiristain Zubillaga, Ekonomian doktorea, EHUko irakaslea eta feminismo- eta agroekologia-gaietan aditua; Arturo Elosegi Irurtia, Ekologian katedraduna, EHUko irakaslea eta ikertzailea; Itziar Laka Mugarza, Hizkuntzalaritzan katedraduna, EHUko irakaslea, Jakiundeko kidea; Itziar Alkorta Idiakez, Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakaslea, Jakiundeko kidea, Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendari ohia eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate saileko sailburuordea izandakoa; Xabier Arregi Iparragirre, informatikaria eta EHUko irakaslea, Hitz zentroko zuzendaria gaur egun; Izortze Santin Gomez, Biologian doktorea, EHUko irakaslea eta ikertzailea. BRTA patzuergotik, berriz, Jon Kepa Gerrikagoitiak eta Garbiñe Manterolak parte hartu dute, eta BC3 elkartetik Unai Pascual Gonzalez de Aziluk, Ana Terra Amorínek eta Daniel Cortések. Guztiak begirada kritikoarekin eta auzi sozialak aintzat hartuta aritu dira lehen urte honetan.
Aurrerantzean Elhuyar Zientzia hedabide digitalak zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen jarraituko du, formatu hauetan guztietan: albisteak, elkarrizketak, erreportajeak, bideoak, podcastak, inkestak, argazki-galeriak, iritzi-artikuluak, efemerideak, monografikoak eta dekalogoak. Eta edukiak lasai irakurtzeko aukera ere izango da, Elhuyar aldizkariaren bitartez. Hedabide digitalean argitaratuko diren gai mamitsuak, elkarrizketa sakonak eta zientzia eta teknologiaren aurrerapenak beste erritmo batean irakurtzeko aukera izango da aldizkarian.
Elhuyar Zientzia hedabide digitala euskaraz sortzen da, bertako ahotsekin eta begiradekin, eta mundu zabaleko edukiak ekarrita. Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuenak ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki-proposamen automatikoak… Eta aurrerantzean berrikuntza teknologiko gehiago izango ditu.