Skip to main content
Elhuyar Zientzia Azoka

Elhuyar Zientzia Azokak 800 gazte bilduko ditu Bilboko Areatzan, ikasturtean egin dituzten 200 STEAM proiektu erakusteko

2024 | Maiatzak 22

 

  • Elhuyar Zientzia Azokak 4 egun iraungo du aurten, gaur hasi eta maiatzaren 25a bitartean, eta Bilboko Areatzan egingo da.
  • 70 ikastetxetako 800 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektu egongo dira ikusgai. 
  • Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 11 talde etorriko dira. 
  • Maiatzaren 25ean (larunbata) egingo da sari-banaketa. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte. 

 

Martxan da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka. Goizeko 11:00etan eman zaio hasiera, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, ekimenaren babesleak; besteak beste: Itxaso Erroteta Sagastagoya, Gazteria eta Kirol zinegotzia ; Begoña Pedrosa Lobato, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordea; Marie Heguy-Urain, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko teknikaria eta proiektu-deialdien kudeatzailea; Isabel Sarrionandia-Ibarra Fernandez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua; Marta Camacho Tramblin, Teleco Rentako koordinatzailea; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabiko Berrikuntzako zuzendaria eta sortzaileetako bat; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.


Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Gaur, Batxilergoko 29 proiektu eta DBHko 21 egongo dira ikusgai; bihar, maiatzak 23, Batxilergoko 7 proiektu eta DBHko 47; ostiralean, maiatzak 24, Batxilergoko 6 eta DBHko 46; eta, larunbatean, maiatzak 25, Batxilergoko 6 eta DBHko 37. Guztira, 800 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Vila-realdik, Espinosa de los Monterosetik, Poiotik, Coruñatik, Lliçà de Vall-etik, Milandik eta Portotik etorriko dira beste 11 talde. 

Ikertzaileak ere izango ditugu Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari-banaketa larunbatean bertan egingo da, maiatzaren 25ean, 13:00etan. Azokan zehar saritutakoak bilduko dira sari-banaketan, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Teleco Renta, Bizkaiko Foru Aldundia, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Elhuyar. Hauek dira irabazleek jasoko dituzten sariak: ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak. Aurkezle-lanetan, Eleder magoa eta María Redondo Mugica aktorea arituko dira. Horrez gain, egunero, kolaboratzaile diren ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira. 

Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek (haien artean, 65 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko. 


Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. 

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 3.000 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.000 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko inguru aurkeztu dira.  

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, Teleco Rentaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.