Skip to main content
Elhuyar Zientzia Azoka presentziala, ekainaren 5ean, Bilbon

Elhuyar Zientzia Azoka presentziala, ekainaren 5ean, Bilbon

2021 | Maiatzak 31
  • Ekainaren 5ean, epaimahaiak nabarmendu dituen hogei proiektuak erakutsiko dira Bilboko Areatzan
  • Gaurtik ostiralera bitarte, Elhuyar Zientzia Azokaren ekintza birtualak egingo dira: ikertzaileekiko topaketak, tailerrak, hitzaldiak….  

Elhuyar Zientzia Azoka presentziala egingo da, ekainaren 5ean, Bilboko Areatzan. Han, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Edizio honetan aurkeztu diren 110 proiektuetatik, 20 aukeratu ditu epaimahaiak, eta, egoera dela  eta, 20 talde horiek soilik hartuko dute parte ekitaldian. Arratsaldean, sari-banaketa egingo da Zabalgune eraikinetik, streaming bidez eskainia. Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea.

Gaur hasi eta ostiralera bitarte, berriz, Elhuyar Zientzia Azoka birtuala egingo da. Batetik, proiektuak garatu dituzten gazteek topaketak egingo dituzte ikertzaileekin, eta euren ikerketa-proiektuaren berri emango diote elkarri. Bestalde, goizero, 10:00etan, zuzeneko tailerrak eskainiko dituzte ikertzaileek, eta, 12:00etan, ikasleen eta ikertzaileen arteko solasaldiak izango dira. Webgunean duzue aste osoko egitaraua: https://labur.eus/OPONt

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Zientzia Azokaren 9 urteko ibilbidean zehar, sare zabal eta sendoa hedatuz joan da. Hari esker, ikertzaileek gazte parte-hartzaileen gidari eta aholkulari lanak egiten dituzte eta aurkeztutako lanen ebaluazio-prozesuan parte hartzen dute. Datorren larunbatean, Elhuyar Zientzia Azokan egongo dira eta unibertsitateek stand propioa izango dute, euren ikerketa-proiektua jendaurrean erakusteko. 


Elhuyar Zientzia Azoka datutan

  • 32 ikastetxetako 110 proiektu aurkeztu dituzte 353  gaztek: neskak 197, mutilak 153, ez bitarrak 1
  • Bizkaiko 40 talde, Gipuzkoako 33 talde, Nafarroako 26 talde, Arabako 4 talde eta estatuko beste azoketako 4 talde ere partaide izan dira.
  • DBHko 84 talde eta Batxilergoko 26 talde izan dira guztira.
  • 82 proiektu euskaraz, 19 gaztelaniaz eta 9 ingelesez aurkeztu dira.
  • Aurkeztu diren lanak 8 gaitan banatuta daude: biologia/geologia, energia, fisika/kimika, gizarte-zientziak, humanitateak, ingeniaritza/teknologia, ingurumena/ekologia, osasuna.
  • Gazteen lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai: https://labur.eus/2zL8H

Elhuyar Zientzia Azoka birtuala 

Pandemia-egoera dela eta, 2020-2021 ikasturteko prozesua online egin da; gazteek proiektuak ikastetxeetan garatu dituzte eta bideodeien bidez egon dira ikertzaile profesionalekin harremanetan. Larunbatean egingo den azokara begira ere, egoerak ez du ahalbidetzen ikasturtean zehar parte hartu duten gazte-talde denek bertaratzeko aukera izatea, eta, beraz, 20 talde finalistak izango dira Bilbon.

Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

 

Elhuyar Zientzia Azokaren babesleak

 

Image
Elhuyar Zientzia Azokaren babesleak

 

Elhuyar Zientzia Azokaren kolaboratzaileak 

 

Image
Elhuyar Zientzia Azokaren kolaboratzaileak