Arlo zientifiko-teknologikoaren eta gizarte osoaren arteko zubigileei aitortza, CAF-Elhuyar sarien bidez
- Galder Gonzalez Larrañaga, Leire Sangroniz Agudo eta Josu Lopez Gazpio dira aurtengo saridunak
- Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria.
Kultura zientifikoaren beharra hain agerikoa den egun hauetan jakinarazi dute zein diren CAF-Elhuyar sariketaren irabazleak. Hain zuzen, zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak aitortzea da sariketaren helburua, eta aurtengo deialdiak ere eman du fruitua.
Ezohikoa den osasun-larrialdian ezohiko moduan eman dira jakitera aurtengo saridunak, ez baita sari-banaketarako ekitaldirik izan, eta oraingoz ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, saridunek jasoko dute 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana.
41 lan jaso dira aurten, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:
Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañaga wikilari zarauztarraren “Io eta argiaren abiadura” artikulua aukeratu du epaimahaiak. Haren iritziz, egileak ikuspegi historikoa aukeratu du zientziak aurrera nola egiten duen azaltzeko, eta lan irakurterraza, erakargarria eta bitxia osatu du, irakurlearen arreta harrapatzen duena.
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, berriz, “Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez” artikuluak irabazi du saria. Leire Sangroniz Agudo kimikako doktorea elgetarra da egilea. Epaimahaiak nabarmendu duenez, gaur egun ahoz aho dagoen arazo bati erantzuten saiatzen da tesia. Gainera, egindako lan zientifikoa oso modu dibulgatiboan dago azalduta, eta argi ulertzen da tesiaren mamia.
Azkenik, zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, epaimahaiak aho batez erabaki du Tolosako Josu Lopez Gazpiori ematea saria, “Musikaren zientzia” lanarengatik. Hain zuzen, zientzia-dibulgazioaren adibide aproposa dela iruditu zaio. Musikaren eta zientziaren arteko erlazioa oso ongi azaltzen duela aipatu du, eta, aldi berean, musikaren idiosinkrasia hortik haratago dagoela ongi azaltzen duela. Entretenigarria eta erakargarria dela ere azpimarratu du.
Ekitaldia ez egitea ez da izan CAF-Elhuyar sarien edizio honetako ezohiko erabaki bakarra: Neiker sari berezia (lehen sektoreko lan onena saritzen duena) eta Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik.
Sorkuntza-beka eta Merezimendu Saria
Antolatzaileek, dena den, aurtengo sorkuntza-bekarako dirulaguntza (5.000 euro) datorren urterako gordetzea erabaki dute, eta dei egin diete sortzaileei proiektuak aurkez ditzaten. Aurreko urteetan bultzatu diren proiektuek bide emankorra egin dute, eta horren adibide garbia da iaz irabazi zuena: “Fossil Plastics. Alegiazko enborrak”, Martin Etxauri Sainz de Murieta burlatarrarena.
Honela laburbiltzen du artistak: “Proiektu honek galdera bikoitza proposatzen du fotogrametria bidez eskaneatu eta hiru dimentsiotan inprimatutako enbor-azalen bidez: Hartuko ote dute plastiko-sedimentuek inoiz harrien papera fosilen sorkuntzan, egurraren lekua betez eta plastikoz osatutako enborren fosilak bilakatuz? Edo guk geuk, kontraesanezko ariketa ergel batean, halako plastikozko enborrak sortuko al ditugu jada existitzen ez diren zuhaitzen azalak gogoratzeko?”. Etxaurik Kutxa Kultur Plaza aretoan (Tabakalera) aurkeztu behar zuen proiektuaren emaitzaren erakusketa, sariak banatzeko ekitaldiarekin batera. Ahal bada, udazkenean zabalduko da erakusketa, baina, bitartean, haren webgunean jaso daitezke lanaren zertzelada batzuk.
Azkenik, Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik.
Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da. Horrez gain, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unitatearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea, besteak beste.
Jakidundeko kide ere bada, eta, horri guztiorri, dibulgazioan egiten duen lana gehitu behar zaio. Kontuan izan behar da lantzen dituen gaiek, biomedikuntzak eta genomikak, garapen oso azkarra izan dutela, eta gizartean jakin-mina eta, batzuetan, kezka ere pizten dutela. Bada Zubiaga beti dago prest laguntzeko, eta adeitsu eman ditu azalpenak eta iritzia, hainbat eta hainbat aldiz, Elhuyar aldizkarian, Teknopolis zein Norteko Ferrokarrilla saioetan, eta ohiko parte-hartzailea da Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoetan. Komunikabide orokorretan ere maiz agertzen da, kontzeptu konplikatuenak argitzen, hizkera ulerterraz eta gertukoarekin.
Merezimendu Saria Elhuyar Fundazioak ematen du, eta beste kategorietako sarituak, berriz, bi epaimahai hauek aukeratzen dituzte: batetik, dibulgazio-artikuluen eta kazetaritza-lanen epaimahaia osatzen dute Arturo Elosegi Irurtia ekologo eta EHUko ikertzaileak; Marian Iriarte Ormazabal kimikari eta EHUko ikertzaileak; Alberto Barandiaran Amillano kazetari eta idazleak; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariko zuzendariak; eta, bestetik, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren epaimahaia osatzen dute Lorea Agirre Dorronsoro Jakin Fundazioko zuzendariak; Koldo Almandoz de La Cruz zinema-zuzendariak; Josu Rekalde Izagirre EHUko Artea eta Teknologiako katedradunak; eta Garazi Andonegi Beristain Elhuyar Zientzia unitateko arduradunak.