
Adimen artifiziala, erizaintza inklusiboa eta trantsizio energetikoa landuko dira “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan
- Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute ziklo hau, eta hiru saio eskainiko dituzte urria eta abendua bitartean.
- Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, adimen artifiziala, erizaintza inklusiboa eta trantsizio energetikoa landuko dira hiru emakume zientzialari hauekin: Miren Berasategi Zeberio, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Estitxu Villamor Lomas.
- Saioak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, eta denak euskaraz izango dira.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Urria eta abendua bitartean, hiru saio eskainiko dira aurten: urriaren 6an, azaroaren 3an eta abenduaren 1ean. Guztiak 19:00etan izango dira, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez hiru emakume zientzialari hauek ezagutzeko aukera izango dugu, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Miren Berasategi Zeberio, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Estitxu Villamor Lomas.
Egitasmo honen helburua da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
2026ko udazkeneko solasaldi-zikloa
Lehenengo saioa urriaren 6an izango da. Miren Berasategi Zeberio izango da hizlaria, eta izenburu hau izango du solasaldiak: “Adimen artifiziala auzitan”.
Miren Berasategi Zeberio (Donostia, 1982) Giza Zientziak eta Komunikazioan lizentziatua da, eta Komunikazioan doktorea. Komunikazio-arloko titulazioetan irakasle eta ikertzaile dihardu Deustuko Unibertsitatean, zenbait arlotan, hala nola komunikazio digitala, datuen analisia eta komunikazioa eta komunikazioaren teoria. InpAkta Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta aldizkari zientifikoko erredakzio-buruetako bat ere bada, eta UEUko talde eragileko kide.
Garbiñe Elizegi Narbarte izango da bigarren solasaldiaren protagonista. Solasaldia azaroaren 3an egingo da, eta honako izenburu hau izango du: “Emakume eta genero ez-normatibo euskaldunak osasungintzan”.
Garbiñe Elizegi Narbarte (Pomona, Kalifornia-AEB, 1975) erizaintzan doktorea da. Gaur egun, erizain gisa ari da Lesakako Osasun Zentroan, eta Lekarozen bizi da. Ikerketaz gain, feminismoan eta lurraren defentsan dihardu, herri-mugimenduko kide eta ekintzaile gisa.
Hirugarren hizlaria, berriz, Estitxu Villamor Lomas da. Fisikan doktore da, eta abenduaren 1ean jardungo du. Solasaldiaren izenburua: “Trantsizio energetikoaz hausnartzen”.
Estitxu Villamor Lomas (Gasteiz, 1987) EHUko irakaslea da 2016tik, eta EKOPOL ikerketa-taldeko kidea 2018tik. Honako hauek dira haren ikerketa-lerroak: energia berriztagarrien potentzialen kalkulua Informazio Geografikoko Sistemen bidez, tokiko eta eskualdeko aztarna energetikoen kalkulua eta trantsizio energetikoa udal mailan. Gainera, urteak daramatza lurraren defentsan eta beste eredu energetiko baten alde lan egiten duten kolektiboetan parte hartzen.
Hiru saioak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira 19:00etan, eta denak euskaraz izango dira .
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.