Abian da berriro “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa
- Elhuyarren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren emaitza da 2021ean abiatutako solasaldi-ziklo hau, eta jarraipena izango du udazkenean.
- Egitasmoari esker, zenbait arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango da, aurrez aurreko elkarrizketen bidez.
- Saioak euskaraz izango dira, astelehenetan eta 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak jarraipena izango du udazkenean; hiru saio egingo dira: urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 11n.
Emakume zientzialariak ezagutzea du helburu egitasmo honek. Izan ere, emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira zientziaren eta teknologiaren historian, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen diskriminazioa arlo horretan.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan diharduten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Miren Vives Urbieta, Uzuri Albizu Mallea eta Onintze Salazar Perez. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Horrez gainera, "bi kulturen" estereotipoa (hots, zientziak eta humanitateak) gainditzeko gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.
2023ko udazkeneko solasaldi-zikloa
Lehenengo solasaldia urriaren 23an izango da. Miren Vives Urbieta arkitektoa izango da protagonista, eta honako hau solasaldiaren izenburua: Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat. Hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak sustatzeko, baliagarriak dira ingurune urbanizatu eta eraikiek gure eguneroko bizitzan eta ongizate fisiko, mental eta sozialean duten eraginean oinarritutako diagnostiko eta proiektuak. Horretarako, hainbat ikuspegi hartzen dira aintzat; besteak beste, generoa, zahartze aktiboa, haurtzaro autonomoa, aniztasun funtzionala eta ahalmen ekonomikoa.
Miren Vives Urbietak 2002an amaitu zituen ikasketak Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, eta Markina-Xemeingo Arrizabalaga arkitektura-bulegoan lan egin zuen gero sei urtez. Harekin batera, arkitektura-bulego txiki bat jarri zuen martxan, Patxi Galarraga bikotekide eta lankidearekin batera. Ohiko birgaitze-lan eta proiektu txikiekin batera, irisgarritasun-gaiak lantzeko aukera paregabea izan zuten Lanzaroteko apartamentu konplexu batean. Inklusioarekiko interesak eta bi alaba haztearen esperientziak beste gai lantzeko aukera eman zien, hala nola haurtzaroa, zahartzaroa eta, nola ez, feminismoa. Pixkana-pixkana, bat gin zuten guztiz lan-esperientziak eta esperientzia eta ikasketa pertsonalek, eta gaur egun ez dute ohiko arkitektura-bulego baten batere antzik. Projekta Urbes-en hiri eta auzo osasungarriagoak eta bidezkoagoak sustatzen dituzte.
Uzuri Albizu Mallea izango da bigarren elkarrizketatua. Matematikak izango ditu hizpide, eta azaroaren 20an hartuko du parte Matematika, gertutik eta barrutik izenburuko solasaldian. Gizartean oso zabalduta dago pertsona bereziki adimentsuek bakarrik ikas eta uler dezaketela matematika. Normalean, gainera, gizon batek gorpuzten du jenioaren irudi estereotipatu hori. Eta horrek eragina du ikasleengan: izan ere, sei urterekin, neskek jada gutxietsi egiten dute matematikak ikasteko beren gaitasuna, eta itxitzat ematen dituzte etorkizunerako bide batzuk.
Uzuri Albizu Mallea matematikan lizentziatua da, eta hiru master ditu: Matematikaren Didaktikakoa, Bigarren Hezkuntzako Irakasleena eta Ikasketa Feministak eta Generokoak. Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egiten du lan Matematika Didaktika, Zientzia Esperimentalak eta Gizarte Zientziak Sailean. 2023an, doktore-tesia aurkeztu du UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak programaren barruan: Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak. Ahots feministek lagundutako kartografia bat.
Azken solasaldiko protagonista Onintze Salazar Perez izango da, abenduaren 11n, eta Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagatik da? izango du izenburu saioak. Azkenaldian, muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ditugu inguruan: uholdeak, lehorteak, haizeteak… Horrekin batera, begien bistakoak dira zenbait aldaketa: Pirinioetako glaziarrak desagertzen ari dira, animalia migratzaileak beren ohiturak aldatzen ari dira, eta landaretzaren egitura eta hedapena ere aldatzen ari da. Eta eguraldia ere, jada ez omen da garai batekoa.
Onintze Salazar Perez fisikan lizentziatua da, Meteorologiako espezialitatean, eta Ingurumen Ingeniaritzako eta Kultura Zientifikoko masterrak ditu. Tecnaliako energia- eta ingurumen-saileko ikertzailea da, meteorologo gisa aritzen da Euskalmeten, eta EiTB taldeko komunikabideetako kolaboratzailea da.
Hiru saioak euskaraz izango dira, astelehenetan, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko (DK Irratia) podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.