
Abian da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka
- Izena emateko epea zabalik da gaurtik aurrera Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean.
- Dagoeneko 200 ikertzailek eman dute izena proiektuan parte hartzeko, eta gazte-taldeek haien laguntza jasoko dute beren zientzia-proiektuak garatzeko.
- Aurtengo edizioan euskarazko proiektuak bakarrik onartuko dira.
Gaurtik aurrera zabalik da 2023ko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen du, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete.
Aurtengo edizioan, lehen aldiz, euskarazko proiektuak bakarrik onartuko dira. 12-18 urte bitarteko gazteek eta beren irakasleek zientzia- eta teknologia-proiektuak euskaraz garatzeko aukera izango dute.
Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200 ikertzailek baino gehiagok eman dute jada izena gazteen aholkulari izateko 2023ko Elhuyar Zientzia Azokan (eta epea zabalik dago oraindik). Ikertzaile horien artean, % 51 emakumeak dira, % 48 gizonak, eta gainerakoak, genero ez-bitarrekoak.
Ikasle-taldeek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta bidelagun izango dituzte beren proiektuak garatzeko.
Lanaren emaitza euskarazko ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat izango da, eta ekainean izango da horiek aurrez aurre ezagutzeko aukera, ekainaren 2, 3 eta 4an egingo den Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian (Bilboko Areatzako kaian). Ebaluazioa Azokan bertan egingo da, eta ekainaren 4an bertan banatuko dira sariak.
Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko formularioa Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.
Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, Nafarroako Gobernuaren, FECYT- Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología erakundearen (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi erakundearen laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusien lankidetza.