Skip to main content
Elia, itzultzailea.eus-en izen berria

Elia, itzultzailea.eus-en izen berria

2021 | Martxoak 22
Elhuyarren itzultzaile automatikoak berrikuntzak dakartza azalean eta mamian. Batetik, Elia (Elhuyarren Itzultzaile Automatikoa) izendatu, eta itxura berritu zaio. Bestetik, ikerketan lortutako emaitza onenak gizartearen eskura jarri dira, eta geroz eta azkarrago egiten ditu itzulpenak; hala, orain dela urtebete baino 4 aldiz azkarrago itzultzen ditu dokumentu formatudunak.

Elia garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte Elhuyarreko ingeniariek; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Izan ere, Eliaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia du beraz, Eliak, eta iaz itzultzailea.eus-ek erakutsi zituen datuak hobetzea izango du helburu: 1.776.767 bisita eta 12.180.660 itzulpen-eskaera. Guztira, 287.949.688 hitz itzuli zituen; % 58 gaztelaniatik euskarara, % 17 euskaratik gaztelaniara, % 8 gaztelaniatik katalanera, % 8 gaztelaniatik galegora, eta % 9 beste hizkuntza-bikoteen arteko itzulpenak izan ziren. 

Aurrerantzean, Elhuyarren itzultzailea elia.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta (Android nahiz iOS sistemetarako bertsioak daude doan deskargatzeko prest). Bai webgunean eta bai aplikazioan, sei hizkuntza hauen arteko itzulpenak egin daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Horretarako, aski da testua dagokion tokian idaztea, emaitza zer hizkuntzatan nahi dugun aukeratzea eta “Itzuli” botoia sakatzea.

Mugikorreko aplikazioaren kasuan, gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elia agertuko zaigu aukeretan. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua. Gainera, irudietako testua detektatu eta itzultzeko ere balia dezakegu Eliaren mugikorretako aplikazioa. Horretarako, aski da itzuli nahi dugun irudiari argazki bat ateratzea edo lehendik dugun irudi bat aplikazioan kargatzea, eta aplikazioari itzultzeko eskatzea.

Image
Elia