
Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronala: urtebete testu eleaniztunak sortzen
Urtebete bete du gaur Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunak, eta ia 430.000 erabiltzailek baliatu dute dagoeneko. Guztira, ia 270 milioi hitz itzuli ditu sistemak. Webguneak milioi eta erdi bisita baino gehiago izan ditu urtebetean, eta kopuru hori goraka doa hilabetez hilabete. Aplikazioa 15.000 gailu mugikorretan baino gehiagotan dago aktibo.
Urtebete bete du gaur Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunak, eta ia 430.000 erabiltzailek baliatu dute dagoeneko. Guztira, ia 270 milioi hitz itzuli ditu sistemak. Webguneak milioi eta erdi bisita baino gehiago izan ditu urtebetean, eta kopuru hori goraka doa hilabetez hilabete. Aplikazioa 15.000 gailu mugikorretan baino gehiagotan dago aktibo.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia darabil itzultzaileak, eta sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.
Lehen urte honetan, gaztelaniatik euskarara itzultzeko erabili da gehien.

Elhuyarren itzultzailea itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta (Android eta iOS).
Dokumentu formatudunak osorik itzultzen ditu
Testu laburrak “kutxan” bertan kopiatuta itzul daitezke, doan, eta horretarako ez dago erabiltzaile gisa erregistratu beharrik. Webgunean erregistratuz gero, ordea, aukera gehiago ditu erabiltzaileak: batetik, hitz gehiago itzul ditzake aldiko testu-kutxa erabiliz (erregistratu gabe, 100 hitz aldiko; erregistratuta, 500 hitz aldiko); bestetik, dokumentu formatudunak osorik itzul ditzake, formatua errespetatuz. Erabiltzaile erregistratuek 1.000 hitzerainoko 3 dokumentu formatudun itzul ditzakete doan. Gehiago behar izenez gero, webgunean bertan eros daiteke zerbitzu hori, eta txartel bidez ordaindu. Hainbat formatutako dokumentuak itzultzeko baliatu daiteke itzultzailea.eus, baina erabiltzaileek Word formatukoak itzultzeko erabili dute nagusiki orain arte.

Mugikorreko aplikazioaren kasuan, gainera, ez dugu testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elhuyarren itzultzailea agertuko zaigu aukeren artean. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu-kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua.

Bestalde, mugikorretarako aplikazioak argazkietako testua itzultzeko aukera ere ematen du. Horretarako, aski da aplikazioa ireki eta mugikorra irudiaren parean jartzea. Aplikazioak irudiko testua detektatuko du, eta itzuli egingo du guk eskatutako hizkuntzara, guk testua letraz letra aplikazioan sartu beharrik izan gabe.


Zerbitzu aurreratuak
Itzultzaile automatikoa garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu ditu Elhuyarreko Adimen Artifizialeko lantaldeak; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta, malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Izan ere, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Itzulpen-zerbitzuen kasuan, Itzultzailea OLI tresnetan (ordenagailuz lagundutako itzulpenak) txertatuta erabil daiteke (Wordfast, SDL Trados Studio...). Bestalde, Itzultzaileak REST API bat eskaintzen du, erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez) edo norberaren aplikazioan txertatu ahal izateko.
Gainera, hurrengo urtera begira, tarifa profesionalak egokituko ditugu, enpresa txiki eta ertainek, udal txikiek eta beren kontura aritzen diren itzultzaile autonomoek ere erabiltzeko aukera izan dezaten.
Elhuyarren ibilbidea hizkuntza-teknologietan
Elhuyarrek sorreratik bertatik (1972) izan du hizkuntzak zientziarekin eta teknologiarekin lotzeko bokazioa, eta erreferente da euskararen eta inguruko hizkuntzen tratamenduan. 2002an ekin zion hizkuntza-teknologien arloko ikerketari, Hizking21 proiektuarekin, eta handik bi urtera heldu zion itzulpengintza automatikoari. Geroztik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu du, eta baita zerbitzuak erabilgarri jarri ere. 2019ko azaroan jarri zuen bere itzultzaile automatiko eleaniztuna erabilgarri, doan, eta geroztik hobekuntzak egiten eta funtzionalitateak gehitzen jarraitzen du. Luze baino lehen ere izango ditugu berrikuntza gehiago.