Skip to main content
CAF-Elhuyar sariak

Elhuyarren 50. urteurrenaren testuinguruan banatu dira CAF-Elhuyar sariak

2022 | Apirilak 27
  • Ane Portillo Blanco, Amaiur Esnaola Illarreta, Jon Villapun Arbide, Maider Ibañez, Jon Goikouria, Fatima Villa Gonzalez eta Arantzazu Luzarraga Iturrioz dira sarituak.
  • CAF-Elhuyar merezimendu-saria Elhuyarren sortzaileek jaso dute: Iñaki Azkune Mendia, Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre eta Mikel Zalbide Elustondo.  
  • Sari-banaketa Elhuyarren 50. urteurrenaren testuinguruan egin da, eta, sarituak ezagutzeaz gain, lau arlotako 4 zientzialari gazteren hitzaldiak entzuteko aukera izan da. 
  • Aurtengo leloa “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” izan da.
     

Gaur egin da CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia), eta baita streaming bidez ere. Aurten Elhuyarrek 50 urte betetzen dituenez, ekitaldia berezia izan da, eta bi parte izan ditu. 

Lehenengoan, lau arlotako 4 zientzialari gazte 50 urte aurrera begira jarri dira, eurek jorratzen dituzten gaiak aztertuz. Itziar  Irakulis Loitxatek esaterako, sateliteen eta ingurumenaren arloak aztertu ditu; Maia Garcia Vergniory materialei eta fisikari buruz aritu da; Gorka Azkune Galparsorok adimen artifiziala eta konputazioa izan ditu mintzagai; eta Izortze Santin Gomezek, azkenik, osasuna eta medikuntza. 

Ondoren, sari-banaketa egin da, eta “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” izan da aurtengo leloa. Izan ere, gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea... Horretarako, zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere. Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta. Sariketara aurkeztu direnek lehen pauso hori eman dutela esan dezakegu, eta epaimahaikideek kategoria bakoitzean hauek saritzea erabaki dute:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Ane Portillo Blanco berangoztarrak irabazi du, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarekin. Egileak aukeratu duen gaia, epaimahaiaren iritziz, ez da ohikoa, eta, alde horretatik, auzia plazaratu izana nabarmentzekoa dela aipatu du. Horrez gain, artikuluaren narratiba oso originala dela azpimarratu du, eta irudi batzuk egileak propio sortuak izateak lanari balio handiagoa ematen diola adierazi du. 

Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Amaiur Esnaola Illarretak eskuratu du, Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lanari esker. Esnaola Donostiakoa da. Epaimahaiaren iritziz, artikuluak ondo biltzen ditu ikerketa eta ondorioak. Horrez gain, modu atsegin eta erakargarrian kontatua dagoela adierazi du, oso idazkera egokian, eta argazkiek balio erantsia ematen diotela.  

Zientzia-kazetaritza kategorian, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lana izan da saritua. Kasu honetan, egileak hiru izan dira:  Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibañez Espinosa. Epaimahaiak honela definitu du hirukotearen lana: aberatsa eta kalitate onekoa, irudiz eta lekukotasunez ondo hornitua, eta, kontatzen dena tokikoa bada ere, beste leku batzuetarako eredu izan daitekeena. Sakona bezain atsegina dela adierazi du epaimahaiak, eta ondo betetzen duela bere helburua, alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea. Lana Geuria aldizkarian argitaratu zen iazko ekainean. 

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker sariak, eta aurtengo saritua Fatima Villa Gonzalez da, Zer diotso sagarrak jogurtari? lanari esker. Saria irabaztearen zergatiak honela adierazi ditu epaimahaiak, hitzez hitz: “Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du.”

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. 

Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarraren Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuak jaso du sorkuntza-beka

Epaimahaia bat etorri da esatean proiektu originala dela, eta gaurkotasuneko gai bati heltzen diola. Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza-lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du.


Azkenik, Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du. Sari horren helburua euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea da. Aurten, Elhuyarren 50. urteurrena izanik, patronatuak Elhuyarren sortzaileei egin die aitortza hori, eta bertan jaso dute omenaldia Iñaki Azkune Mendiak, Felix Azpiroz Arrillagak, Juanjo Gabiña Carrerak, Jesus Mari Goñi Zabalak, Andoni Sagarna Izagirrek eta Mikel Zalbide Elustondok, eta hildakoen izenean Luis Mari Bandres Unanueren alargun Maite Moneok eta Kepa Zalbide Elustondoren alaba Uxue Zalbidek.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetari eta idazlea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak, berriz, hauek izan dira: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua, eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de la Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko katedraduna, eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.


Sorkuntza-beka 2021

Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zutenen proiektuak ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan. 

Iaz bi sorkuntza-beka eman ziren. Bata Itxaso Navarro Celestinok jaso zuen, Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua proiektuarengatik, eta hori da hain zuen ekitaldian entzun eta ikusteko aukera izan dena, sariari esker landu duen kontzertua. 

Beste beka, berriz, Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewicz jaso zuten. 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lanarengatik. Jasotako sariari esker, erakusketa bat lantzeko aukera izan dute, eta ekitaldian egin duten aurkezpen baten bitartez erakutsi dute euren proiektuaren emaitza.