Skip to main content
Elhuyar Zientzia Azoka

Abian da 2025eko Elhuyar Zientzia Azoka

2024 | Urriak 11
  • Izena emateko epea zabalik da Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean. 
  • Edizio honetan ere ikasleek ikertzaileen laguntza jasoko dute proiektuak garatzeko. 

 

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da. Azokan parte hartu nahi dutenek webgunean eman beharko dute izena. 2025eko edizioan, gainontzekoetan bezala, ikasleek ikertzaileen laguntza jasoko dute proiektuak garatzeko. 

Elhuyar Zientzia Azoka 12-18 urte bitarteko gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen duena, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete. Euskararen erabilera sustatzeko proiektua ere bada Elhuyar Zientzia Azoka. 

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200 ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero —% 56 inguru dira emakumeak— gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik dago oraindik. 

Ikasleak berek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko.

Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta maiatzean ezagutu ahal izango dira proiektu horiek aurrez aurre, Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian (Bilboko Areatzako kaian). 

Azokak Gipuzkoan eta Nafarroan

Bilbon ez ezik, tokian-tokian ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak gazteek. Elhuyarrek Zientzia Azoken sarea sortzea du helburu, eta hau da 2025eko egutegia: 

  • Iruñea, apirilak 5: Nafarroako ikastetxeetako gazteak. NICDOren eta Iruñeko Planetarioaren lankidetzarekin.
  • Usurbil, maiatzak 9: Gipuzkoako ikastetxeetako gazteak. Usurbilgo Udalaren lankidetzarekin.
  • Bilbo, maiatzaren 21etik 24ra: Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteak. Bilboko Udalaren lankidetzarekin.

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko formularioa Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.


13 urte ikerketa bizitzen

2025eko Elhuyar Zientzia Azokak 13 urte beteko ditu. 2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 9.000 gazte baino gehiagok parte hartu dute Elhuyar Zientzia Azokan, %52 neskak eta % 47 mutilak eta %1 ez bitarrak. Guztira, 2.500 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira. 


2024ko maiatzean Bilbon egin zen Elhuyar Zientzia Azokaren azken edizioan  800 gazte baino gehiagok, 200 STEM proiektutik gora aurkeztu zituzten Bilboko azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izan ziren. 2024-2025 ikasturtean zehar, Elhuyar Zientzia Azokan saria lortu zuten taldeek Espainiako eta nazioarteko azokak bisitatuko dituzte. Gainera, Euskal Herriko ikerketa-zentroak bisitatzeko egonaldiak ere zozketatu ziren. Bisita hauei esker, gazteek zientzia eta teknologia arloetako profesionalen egunerokoa gertutik ezagutzeko eta erreferente errealekin egoteko aukera dute. 

Elhuyar Zientzia Azokaren babesleak: Eusko Jaurlaritza, FECYT-Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Usurbilgo Udala eta Erabi.