Skip to main content
#O11erakusleihoa

218 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin

2023 | Otsailak 02

 

  • Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan beste behin ere Elhuyarrek.
  • Bihartik, otsailaren 3tik, emakume ikertzaileen irudiak ikusgai egongo dira Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako hainbat erakusleihotan. 
  • Eureka! Zientzia Museoan eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan, berriz, zientzia eta teknologiaren arloko 12 emakumeren erakusketa egongo da ikusgai. 

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte. Gehienek otsailaren 3tik 13ra bitartean egingo dute, baina badira beste data batzuk ere: Deba, otsailaren 10etik 20ra, Donostia, 10etik 17ra, eta Elgoibar, martxoaren 1etik 19ra. 

Establezimendu bakoitzak (parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Aurten, GINKANA batean parte hartzeko aukera ere izango da (12 saltoki baino gehiago dauden herrietan). Actionbound aplikazioa jaitsiz, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatuta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko zaie.

Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, bi erakusketa izango dira. Bata Eureka! Zientzia Museoan, bihartik otsailaren 17ra arte, zientzia- eta teknologia-arloko 12 emakumeak omentzeko. Erakusketarekin batera, Emakumeak zientzian ekimenak antolaturik familientzako esperimentuak antolatuko dira otsailaren 11n eta 12an museoan bertan. Beste erakusketa Barakaldon izango da, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, otsailaren 11tik eta 24ra bitartean. 

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela hiru urte, hau da gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan, eta aurten herri gehiago batu dira ekimenera. Guztira, Euskal Herri osoko zortzi herritan daude ekimenarekin bat egin duten 218 saltokiak.

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko. 

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 11-12ko asteburuan ETB1en eta ETB2n; besteak beste, adimen artifizialaren genero alborapenei buruz arituko dira Elena Lazkano Ortega eta Olatz Arbelaitz Gallego UPV/EHUko informatika-ikertzaileekin. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi otsailaren 10eko saioan. Mahai-inguru batean, Kristina Zuzak eta Nadia Conlledok STEAM hezkuntza generoaren ikuspegitik aztertuko dute. 

Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko eguna ospatzeko, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenaren 7. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diren beste 23 erakunderekin: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak -  Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus