Nola parte har dezaket gizartea-zientzia proiektuarentzat sorkuntza-beka?
Lanak edo proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko formularioaren bitartez aurkeztuko dira.
Kategoria honetan, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituzten sorkuntza-lanak aurkeztuko dira, euskaraz sortuak. Arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzea izango da haien muina.
Proiektuak originalak eta euskaraz sortuak izango dira, aurrez jendaurrean aurkeztu gabeak eta saritu gabeak.
Edozein diziplinatako proposamenak aurkeztu ahal izango dira sariketara: arte plastikoak eta eszenikoak, ikus-entzunezkoak, soziologia, filosofia, arkitektura… Betiere, arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzeko xedearekin.
Eremu zientifiko-teknologikoa zentzu zabalean interpretatuko du autoreak edo autore-taldeak. Hauek izan daitezke proiektuaren ardatz: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, gertaera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, arriskuak, erronkak, aurreiritziak, kezka sozialak, zalantza etikoak...
Proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira.
Proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko aplikazioaren bitartez aurkeztuko dira, eta atal hauek izango dituzte:
- Txosten bat, gauzatu nahi den proiektuaren deskribapenarekin (gehienez 10.000 karaktere). Txostenean alderdi hauek jasoko dira: helburuak, motibazioa, ezaugarriak, lan-plana (garapena, epeak eta iraupena), proiektua gauzatzeak eskatuko lituzkeen baliabideen zerrenda, baliabideen erosketa edo alokairuak (dagokionean), formatua eta azken emaitzaren ezaugarriak.
- Egilearen edo egile-taldearen aurkezpen laburra.
Ez da onartuko aipatutako irizpideak betetzen ez dituen lanik.
Saritua izateko, ez da beharrezkoa lagin bat aurkeztea; nahikoa da proposamena aurkeztea. Dirulaguntza, berriz, zatika emango da, proiektua garatu ahala, beharren arabera. Saria jasotzen duen pertsonak edo taldeak bere burua behartzen du saritutako proiektua garatzera eta azken emaitza lortzera. Irabazleak bederatzi hilabeteko epea izango du gehienez, saridun izendatua izan ondoren, proiektua gauzatzeko. Egileak edo egile-taldeak bere lana amaitzen ez badu, edo emaitzaren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoaren aldean nabarmen kaskarragoak badira, egileak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
Saridunak konpromisoa hartzen du proiektuaren gizarteratzean parte hartzeko.
Elhuyarrek eskubidea izango du saridun gertatzen den proiektuaren emaitza hedatzeko.
Bekaren diru-ekarpenaz landa, CAFek eta Elhuyarrek ez dute beren gain hartuko proiektua gauzatzeko behar diren baliabideen kosturik.
Proiektuaren zein azken emaitzaren jabea egilea edo egileak izango dira, eta harenak edo haienak izango dira ustiapen- eta hedapen-eskubideak ere.
Lanaren emaitzan argi azaldu behar da bekaren laguntzarekin gauzatu dela, esaldi honen bidez: “Lan hau 2023ko CAF-Elhuyar sorkuntza-bekaren laguntzarekin egin da”.