Nola ebazten dira saridunak?
Sariak hiru epaimahaiek erabakitzen dituzte. Epaimahai horiek zientzia eta teknologiako zein artearen munduko eta kazetaritzako adituek osatuko dute, eta Elhuyarrek izendatuko ditu.
Hauek izango dira CAF-Elhuyar 2023ko epaimahaiak:
- Dibulgazio-artikuluen eta zientzia-kazetaritzako lanen epaimahaia: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria.
- Sorkuntza-bekaren epaimahaia: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.
- NEIKER sariaren epaimahaia: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.
Formulario bidez jasotako datu pertsonalak eta lanak erabateko zuhurtasun eta konfidentzialtasunez erabiliko ditu Elhuyarrek. Modu anonimoan helaraziko dizkie lanak Elhuyarrek epaimahaikideei; beraz, lanen balorazioa egitean epaimahaikideek ez dute lan bakoitzaren egileen berri izango.
Epaimahaikoen erabakia sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da jendaurrean. Hala ere, antolatzaileek aurretik izango dute erabakiaren berri, eta parte-hartzaileei ere esango zaie, ekitaldiaren egunera arte isilpean gordetzeko konpromisoarekin.
Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan sariak emateko:
- Dibulgazio-artikuluaren kalitatea, zuzentasuna, erakargarritasuna eta originaltasuna; hizkuntzaren egokitasuna; irudi eta grafikoen kalitatea eta aberastasuna.
- Zientzia-kazetaritzako lanaren kalitatea eta erakargarritasuna, kontakizunaren aberastasuna (irudiak eta grafikoak, elkarrizketak, deskribapenak, musika eta soinuak, lokalizazioak...); informazioaren egokitasuna; iturrien aipamena eta aberastasuna; hizkuntzaren zuzentasuna. Gaurkotasunari erantzuteko ahalegina ere baloratuko du epaimahaiak.
- Sorkuntza-bekaren kasuan, aurkeztutako egitasmoaren originaltasuna eta erakargarritasuna; arlo zientifiko-teknologikoaren eta gizartearen arteko elkarrekintzaren sakontasuna; izaera esperimentala; egingarritasuna; interes soziala; diziplinartekotasuna; aurkeztutako proiektuaren zehaztapen- eta garapen-maila. Taldean aurkeztutako lanak eta bestelako finantziazio-iturrietan sarbiderik ez duten proposamenak lehenetsiko dira.
- NEIKER sariak bereziki baloratuko ditu planteamendu berritzaileak azaltzea, teknologia oinarrri izatea eta aplikagarritasuna, baita epe laburrera ez bada ere.
- Kategoria guztietan, aintzat hartuta zientzia eta teknologian genero-bereizketa dagoela, genero-berdintasuna sustatuko da.
Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek/proiektuek gutxieneko kalitate-ezaugarriak betetzen ez dituztela iritziz gero.