- Nola aurkeztu behar da artikulu bat CAF-Elhuyar sarietara?
Lanak edo proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko formularioaren bitartez aurkeztuko dira.
Kategoria honetara, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-artikuluak aurkeztuko dira.
Aurkeztuko diren lanek originalak eta sekula argitaratu gabeak izan behar dute; itzulpen edo moldaketarik ez da onartuko. Beste sariren bat jaso duten lanak ere ez dira onetsiko. Argazkiak eta ilustrazioak ere originalak izango dira, edo, besteren batenak badira, dagozkion aitortzak egingo dira artikuluan egile-eskubideei dagokienez.
Artikuluek, gehienez, 10.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak zenbatuta. Muga horretatik kanpo daudenak ez dira kontuan hartuko. Dagozkien irudi eta grafikoez hornituko dira. Horiek argitaratzeko baimena edo lizentzia izan behar dute, eta jabetza aitortu beharko da (artikuluaren egilearenak direnean, halaxe aitortuko da, “egilearena” hitza jarrita). Irudiei eta grafikoei, eta haien argazki-oinei dagokien espazioa ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko. Bibliografia ere aipatu egin behar da; bibliografiari dagokion espazioa ere ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko.