Nola aurkeztu behar da artikulu bat CAF-Elhuyar sarietara?
Lanak edo proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko formularioaren bitartez aurkeztuko dira.
Kategoria honetara, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-artikuluak aurkeztuko dira.
Aurkeztuko diren lanek originalak eta sekula argitaratu gabeak izan behar dute; itzulpen edo moldaketarik ez da onartuko. Beste sariren bat jaso duten lanak ere ez dira onetsiko. Argazkiak eta ilustrazioak ere originalak izango dira, edo, besteren batenak badira, dagozkion aitortzak egingo dira artikuluan egile-eskubideei dagokienez.
Artikuluek, gehienez, 10.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak zenbatuta. Muga horretatik kanpo daudenak ez dira kontuan hartuko. Dagozkien irudi eta grafikoez hornituko dira. Horiek argitaratzeko baimena edo lizentzia izan behar dute, eta jabetza aitortu beharko da (artikuluaren egilearenak direnean, halaxe aitortuko da, betiere, "egilearena" izena jarrita). Irudiei eta grafikoei, eta haien argazki-oinei dagokien espazioa ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko. Bibliografia ere aipatu egin behar da; bibliografiari dagokion espazioa ere ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko.
Bi eratako dibulgazio-artikuluak aurkeztu ahal izango dira: (i) zientzia- eta teknologia-gai bati buruzko dibulgazio-artikulu orokorrak, batetik, eta (ii) sariketara aurkezten den egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, bestetik.
Doktore-tesietan oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, zientzia eta teknologiaren arloko doktore-tesiei buruzko dibulgazio-artikuluak bakarrik onartuko dira, eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2022eko abenduaren 31ra bitartean aurkeztutako tesiak bakarrik hartuko dira kontuan. Dibulgazio-artikuluak argi erakutsi behar du zein izan diren tesiaren ardatza eta egilearen ikerketa-lana.