Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

PRENTSA-OHARRA. Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua martxan

2020.11.26-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea da proiektu honen xedea.
  • Proiektuak Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta European Language Grid deialdiaren babesa jaso du.
  • Urtebete barru euskarazko bozgorailu adimendun guztiz funtzionala izatea aurreikusten da.

Errenterian, 2020ko azaroaren 26an

Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimendun bat garatzea izango du helburu proiektuak. Horretarako, Mycroft AI software libreko gailua egokituko dute Elhuyarrek, Skurak eta Talaiosek, Elhuyarren bi sistema hobetuz eta integratuz: hizketaren ezagutza eta sintesia, biak ala biak adimen artifizialean eta Deep Learning deritzon teknologian oinarrituta garatuak.

       

Euskara eremu digitalean sendo egon dadin, beharrezkoak dira hainbat eragileren jakintza, ezagutza eta elkarlana. Egitasmo honek horixe du xedea, punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea, administrazioaren babes eta laguntzarekin.

Urtebete iraungo duen proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesa jaso du, baita Eusko Jaurlaritzak enpresen I+Ga bultzatzeko duen Hazitek programaren laguntza ere. Errenteriako Udalak Torrekua eraikina utziko du proiektua bertan garatu ahal izateko. Torrekua eraikinean, teknologia-burujabetzako estrategiak garatzeko beharrezkoak diren ekonomia sozialeko harremanak eta teknologia libreen garapenak saretzen ari dira gaur egun, hainbat proiekturen inguruan.

Proiektuaren garrantzia neurtzeko, adierazgarria da Europan jaso duen babesa eta laguntza. European Language Grid Europako laguntza-deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean, hautatutako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Espainia eta Frantziako eremu administratiboan bakarra. Hizkuntza-teknologiak bultzatzeko Europako azpiegitura teknologiko handi bat eraiki nahi dute, baliabide urriko hizkuntzei ere lagunduz.

Proiektu honek izaera esperimentala duen arren, ikerketa eta garapeneko prozesuaren amaieran, urtebete barru, euskarazko bozgorailu adimendun guztiz funtzional bat izatea aurreikusten da. Bozgorailu berria asmo handiko proiektu bat da: erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du, eta genero-ikuspegi egokia izango du txertatuta. Horrez gain, Elhuyarren ahotsaren ezagutza eta sintesia bozgorailuen domeinura egokituko da, eta tokiko gaitasunak garatuko dira, euskarazko bozgorailuak Euskal Herriko albisteak, musika eta erosketak lehenets ditzan.

MetaForum kongresua

European Language Gridek, ELGk, MetaForum kongresua antolatuko du abenduaren 1etik 3ra. 2020ko edizioa birtuala izango da, eta, bertan, poster-saio bat egingo da, ELGk hautatu eta diruz lagundu dituen proiektuak hizkuntza-teknologien komunitateari aurkezteko. Mycroft.eus proiektua izango da horietako bat. Aurtengo MetaForum kongresuan parte hartzen dutenek, beraz, aukera izango dute euskarazko bozgorailu adimendunaren zehaztasunak ezagutzeko.  

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Irune Bengoetxea Lanberri

i.bengoetxea@elhuyar.eus

943 363 040 | luzp.: 301  /  688 676 151